Ekaiko kontzeju etxeko teilatuak itajurak zituen eta barruko "sabai aizuak denetariko koloreak zituen", azaldu digu Patxi Uharte Garro kontzeju buruak. Ekaiko Kontzejuak eskaera egin eta Nafarroako Gobernuak Tokiko Azpiegitura plan berriaren barruan sartu zituen lanak, baita dirulaguntza onartu ere. Bi hilabeteko obren ondoren gremioetako langileek lanak despeditu dituzte. "Ziurtagiria jasotzea eta auzolanean eraikina garbitzea, besterik ez da falta". Horiek eginda, lanak mustuko dituztela jakinarazi du kontzeju buruak.
Uhartek azaldu duenez, "teiladurarekin batera elektrizitate azpiegitura berritu behar genuen. Baina teila zaharrak kentzen hasi eta ikusi genuen soliboak pipiak jota zeudela. Haien kontrako tratamendua ematea erabaki genuen. Eta, aldamioak jarrita zeudenez, eraikina margotzea ere erabaki genuen". Azken lan horiek hasiera batean 40.000 eurokoa zen aurrekontua handitzea ekarri du, "oraindik ez zaizkigu fakturak iritsi eta ez dakigu zenbat haziko den".
Lan gehiago
Ekaik bere baso guztia bargan du. Eta han herriko abeltzainak azienda sartzen du eta, horretarako, baso itxiturek ongi egon behar dute. Horregatik, Ekaiko Kontzejuak baso itxiturak ongi jartzeko lau epeko plana prestatu eta gauzatzen ari da. 2019an basoaren eta soroen eta herriaren arteko zatian jarri zuten itxitura berria. 2021ean Ollarango Iltzarbe herriko mugaren txanda izan zen. Joan zen urtean Urritzolako mugako itxitura hobetu zuten eta, gauzak ongi, aurten Zuhatzuko mugako itxitura berrituko du kontzejuak. Horretarako, abeltzaintza azpiegituretarako Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza deialdian eskaera aurkeztu du.
Azkenik, aspalditik aurri egoeran dagoen Ganadero etxean esku hartuko du Arakilgo Udalak. "Orain hesituta dauka, eta teiladura kendu eta barrutik hustu eginen dute".