Bi urteko etenaren ondoren, bueltan dira Ekaiko festak

Alfredo Alvaro Igoa

Ekaidarrak gizarte egoitzan egindako bazkarian. ARTXIBOA

Ostiraletik igandera, irailetik 25etik 27ra arteko egitarauaz gozatu dute. 

Bi urteko etenaren ondoren, ostiralean hasi ziren Ekaiko festak. Festarako gogoz zeuden, batez ere gazteak. "Belaunaldiz belaunaldi festak egon dira herrian, eta segitu behar da. Ekaidarrak elkartu eta herria egiteko modu bat da festak", azaldu du Patxi Uharte Garrok, kontzejuko presidenteak. 

Ekaikoak San Migeli eskainitako festak dira, beraz, irailaren 29tik gertuen dagoen asteburuan ospatzen dira, normalean, iraileko azken asteburuan. Betidanik hala izan da. "Herrian jende gutxi bizi gara, astez eginen bagenu ospakizuna, gutxi elkartuko ginateke. Asteburuan jende gehiago elkartzeko aukera dago. Gainera, herritik kanpo bizi direnak ere etortzen dira", azaldu du Uhartek. Herriak Aralarko aingeruaren bisita, ordea, maiatzaren 1ean jasotzen du urtero. Irudia ibarreko herriak zeharkatzen ditu goiz horretan, Oskiako ermita helmuga izanik. Han egiten den elizkizunean elkartzen dira ekaidarrak gainerako arakildarrekin. Ondoren, Errozko elkartean otamena izaten da. 

Festen antolaketa egiteko, kontzejuburuak deialdia egin zuen herriko Whatsapp taldean. Heldu eta gazte, dozena bat herritar inguru elkartu ziren herriaren gizarte egoitzan. "Aurreko egitaraua oinarri hartuta, zer kendu edo zer berritu behar zen aztertu genuen", azaldu du Uhartek. Hala erabaki zuten larunbateko herri afaria kentzea, besteak beste, bazkariaren ondoren jendea beteta zegoelako. Gazteek erabaki zuten beraiek jarriko zutela larunbateko dantzaldirako musika. Gizarte egoitzan dagoen baflea erabiliko dute horretarako. 

Ospakizun egunetako ekaidarren gogoko hitzorduak jatearekin zerikusia dutela azaldu du kontzejuko buruak. "Hasierako txistorra janean 30en bat elkartuko gara. Paella janean 40 edo izanen gara eta, gehiago, 40 edo 50, meza ondorengo otamenean". Uhartek azaldu duenez, pandemia aurreko festetan, paella janean 60 edo 65 pertsona elkartzera ere iritsi ziren. "Gizarte egoitzan sartzeko espazio arazoa izaten genuen". 

Dantzaldia gizarte egoitzaren beheko partean egiten da, barra dagoen tokian. "Aspaldi ez dugula musikariendako kioskorik jartzen kalean. Jartzen genuenean jendea barraren eta dantzaldiaren artean banatzen zen, eta ez geunden jendea ez batean ez bestean", azaldu du. Herritarrak elkarrekin egoteko musika gizarte egoitza barruan jartzea erabaki zuten. "Gainera, iraila akaberan hotza egiten du gauez kalean". 

Ekain erroldatutako pertsonak 34 dira. Eta festen antolaketarako dozena bat inguru agertzea asko dela aipatuta, Uhartek azaldu du herria kontzeju irekia dela. Hau da, herriak 50 biztanle baino gutxiago dituenez, hauteskundeetan kontzejuko presidentea aukeratzen da. Baina erabakiak batzarrean hartzen dituzte ekaidarrek. Uhartek azaldu duenez, "garai batean batzarrera etxe bakoitzeko pertsona bat joaten zen. Baina duela urte batzuk aldatu genuen eta nahi duen guztiak joateko aukera dago. Ondorioz, 18-20 pertsona egoten gara batzarrean, eta, horrela, guztiak dira herriaren martxaren jakitun". 

Herriaren iparraldean San Lorenzo ermita dago. Haren teilatua 2013an berritu zuen kontzejuak. Eta ekaidarrek, auzolanean, eraikinaren gainontzeko zatiak zaharberritu zituzten. Eta horrek aitzakia eman zien, ordutik, agorrilaren 10ean ermitan meza egin eta ondoren, herrian, herri bazkaria egin dute.