Elkarrizketak on-line

Unai Hualde Iglesias On-line elkarrizketa

Guaixe 2015ko mai. 22a, 12:00

Unai Hualde Iglesias On-line elkarrizketa

Altsasuko alkate eta zinegotzi izan ondoren, Geroa Baiko Nafarroako Parlamenturako zerrendan dago Unai Hualde Iglesias.

Guaixeko erredakzioan izan da, on-line, zuen galderak erantzuten.

 

1. Zuen burua oposizioan ikusten duzue? Zer egin daiteke oposiziotik?
Galdetzaile

Egunon,

Geroa Baik bere burua aldaketa garatzen ikusten du eta, beraz, UPN-ren aurrean gobernu alternatibo bat garatzen beste indar aurrerakoiekin batera. Hala eta guztiz ere oposizio lana tokatuko balitzaigu Nafar guztien onurarako egingo genuke adostasunak lantzen Parlamentu mailan. Urtetan frogatu dugu gobernuan nahiz oposizioan lan egiteko gai garela herritarron interesak gailenduz.

2. Parlamentuko zein batzordetan lan eginen zenuke gustura? Edo gobernuko zein departamentutan?
Heliodoro

Orain arte Toki Administrazio eta gizarte zerbitzu arloetan ibili naiz lanean eta horretan dut esperientzia gehien. Gainera egungo egoera ikusita bultzada handia behar duten arlo bi dira, azken urtetan atzera pauso itzelak eman baitira herritarron kalterako. Nafarroa bere onerako ekarriko dugula esaten dugunean Geroa Bain, besteak beste, arlo hauetan eskubideak berreskuratzeaz ari gara.

Emaitzak ikusi eta gero lantaldearen artean arloen banaketa egingo dugu bakoitzaren aditasunaren arabera. Parlamentuan ala Gobernuan arituko garen herritarrek erabakiko dute igandean.

3. Sakanako Plan Estrategikoa. Hura garatzeko parlamentutik zer eginen duzue?
Hirukia

Parlamentuak jadanik aho batez egin dio eskaera Nafar Gobernuari bailara mailan hain adostasun zabala izan duen Plangintza hau garatzeko. Gobernuak dauka momentu honetan pilota bere teilatuan.

Sakanako egoera ekonomikoa zein den ikusita gure aldetik plana garatzeko konpromisoa erabatekoa da. Gobernu ardurak izatekotan baliabideak eta finantziazioa tokiko instituzioekin adostuz eta hala ez balitz, Parlamentuan horrela izateko jarraipen zorrotza eginez.

4. Sakanak zein hiru lehentasun ditu?
Hirukia

Eogera ekonomikoaren aurrean neurriak hartzea da lehentasuna. Esan bezala, bailarako eragile guztien artean adostutako Plan Estratejiko bat badago eta neurri hoiek aurrera ateratzea da lehenengo urratsa (industria mailan, turismo arloan, merkataritzan....etab).

Honekin batera esan beharra dago gizarte kohesionatu bat sustatu behar dugula. Toki instituzioek beste garai batean genituen tresnak murrizten joan dira azken urte hauetan (gizarte zerbitzuetan, inmigrazio zerbitzuan, osasunean, hezkuntzan....etab). Zerbitzu publiko hoiek berreskuratu eta indartu behar ditugu.

Eta, azkenik, Plan estratejikoan lortu izan dugun adostasuna beste arlo batzuetan zabaltzen saiatu beharko dugu guztion artean.

5. Zein da zuen proposamena euskararen normalizazioa Altsasun garatu dadin?
Eneida

Euskara arloan lan garrantzitsu bat egin dugu legealdi honetan 2001 urtetik eguneratu gabe zegoen araudia egokituz. Eta lan hori adostasunez egiten saiatu gara. Geroa Bai lan honetan buru belarri sartu da ekarpen dexente eginez eta emaitzarekin nahiko konforme gaude.

Orain tresna badugu. Eta araudi hau garatzea da hurrengo urratsa datorren legealdian. Hala izateko gure jarrera baikorra jarraitzen izango da baina beti adostasun zabalena lortzeko asmoarekin (ez da erraza Udalean daukagun alderdi politikoen aniztasunarekin eta gai honekin erabilera politikoa egiteko ikusi ditugu jarrerekin). Garrantzitsua da oso euskararen normalizazioan herri mailan aurrera pausuak ematea, baina pausu hoiek sendo izan daitezen, ahalik eta onarpen gehien lortu beharra dago udalean eta kalean.

6. Altsasun negua luzea da, pentsatu duzue familia eta nerabeentzat guneren bat eskaintzea? Herri txikietan herriko frontoia zabalik egoten da. Altsasun tabernetara joan behar izaten dugu, zein da zuen alternatiba?
Eneida

Geroa Baik Altsasun aurkezten duen herri programaren neurrien artean aisialdirako estalitako leku bat non koka daitekeen aztertzea dago. Daukagun eguraldia kontutan izanik beste zenbait herritan egin dituzten eraikinen antzera. Saiatuko gara, beraz, guztien artean lekua adosten eta proiektua aurrera eramaten. Dena den, proposamenik baduzu, ongi etorria.

7. Azken uneko botoek berebiziko garrantzia izango dutela diote inkestek. Hala uste duzue? Eta zuen ustez zein joera izango du boto horrek? Nafarroan aldaketaren aldekoa izango da hala dagoena mantentzearen aldekoa?
Mai

Zalantzarik gabe azken uneko botoek berebiziko garrantzia izango dute. Aldaketa botoz boto lortuko da azken minutura arte. Dagoena mantentzearen alde daudenek jadanik erabakia dute botoa. Beraz etortzeke daudenak ziur aldaketaren aldekoak izango direla. Jendeak arduraz jokatu behar du botoa ematera joaten. Denon artean lortuko dugu edo ez dugu lortuko. Geroa Bain ozenki esan dugu: aukeratu benetako aldaketa.

8. Parlamentuko emaitzak oso zatikatuak iragarri dituzte. Gobernu berri bat sortzeko giltza izango da desberdinen arteko akordioa eta elkarlana. Posible ikusten duzu elkarlan hori gertatzea?
Amaia

Posible eta ezinbestekoa. Zerbait demostratu badugu, desberdinen artean akordioak lortzeko gaitasuna badugula izan da gure koalizioan. Eta hori bera bermatzeko oraingo honetan Geroa Bain tresna egokiak ditugula uste dugu: aldaketarako programa sendo bat (www.geroabai.com) eta hura garatzeko pertsona egokiak eta, hauen artean, denetan baloratuena, aldaketaren gobernuaren buru izateko pertsona egokiena: Uxue Barkos.

9. Datozen lau urteetan zein izango da zure lehentasuna, ¿udala edo parlamentua?
Beñat

Udala eta Parlamentua. Bi legealdietan jadanik ibili naiz Udalean zinegotzi bezala beste lan betebeharrekin batera. Ez bakarrik ni: alkatea ez ezkik beste guztiok. Egin daiteke eta egin daiteke ongi. Hori bai gogotik lanean arituz eta horretarako prest nago beti bezala.

Parlamentuan eta Udalan aritzea herrirako aukera bat bezala ikusten dut hemen dauzkagun arazo batzuei irtenbideak errazteko. Buruan ditut batera Altsasuko zinegotzi eta Nafarroako legebiltzarkide ibili diren sei kasu alderdi desberdinetakoak.