Hauteskunde orokorrak 2015

Bakartxo Ruizi on-line elkarrizketa

Guaixe 2015ko abe. 16a, 11:10
Bakartxo Ruizi on-line elkarrizketa

EH Bilduren Kongresurako hautagaitzako bigarrena, Bakartxo Ruiz, asteazkenean, 16:30ean, gurean izan da. Guaixe.eus web orriko irakurleek bidalitako galderak erantzun ditu EH Bilduko hautagaiak eta parlamentariak. Hauteskunde orokorrak izanen dira igandean eta Guaixe.eus-ek alderdi nagusiei on-line elkarrizketa egiteko aukera eskaini die.

1. Zer suposatuko du erabakitzeko eskubideak Nafarroan? Hau da ze ondorio izango ditu?
Loli

Kaixo, Loli! Erabakitze eskubiderik EZ izateak zer dakarkigun garbi dugu. Hamasei lege ditugu Auzitegi Konstituzionalak helegitea jarrita. Estatua esaten ari zaigu ez daukagula eskubiderik etxegabetzeen aurrean neurririk erabakitzeko, edo botiken berrordainketari ezezkoa esateko, edo gure lurraldean fracking-ik ez egiteko, esaterako. Azken batean, gure herritarrok hobeto bizitzeko eta eskubide sozialak babesteko erabakitze eskubidea horretan datza. Hemen erabakitzeko eskubidea dugula, horretaz eta geure marko juridiko politikoaz, jakina. Gogora ekarri behar da Foru Hobetzea ez zutela herritarrek bozkatu ere egin. Bada garaia marko demokratiko bat eraikitzeko, jendartearen babesa izanen duena, eta nafarrok aukera zian dezagun Estatuarekin zein gainontzeko euskal lurraldeekin nolako harreaman izan nahi dugun. Hori guztia eta gehiago da erabakitze eskubidea.

2. nori egiten dio mesede abstentzioak?
aitor karasatorre

Erregimenari, zalantzarik gabe. Bai Nafarroan, baita Espainiar Estatuan ere. Hauteskunde hauek Euskal Herrian, oro har, eta Nafarroan, bereziki, testuinguru berezian kokatzen ditugu, aldaketa sozial eta politikoaren bidean. Nafarroan lehen kolpea eman genion UPN-PSN-PPren erregimenari maiatzean, eta aldaketaren kontra egiteko edozein aukera eta bide baliatzen ari dira. Hauteskunde hauetan ere burua ateratzen saiatuko dira, hori bera aldaketaren kontra bilakatzeko. Aldaketa sendotzeko bidea ere egingo dugu gure bozekin eta entzun nahi ez duten Nafarroa abertzale, ezkertiar, errebelde eta intsumisoa entzunaraziko diegu, kosta ahala kosta.

3. Zer galdu zaizue Madrilen?
!

EH Bilduren proiektua izango da, zalantzarik gabe, gure herrian gauzak aldatzeko eta geure erabakiak hartu ahal izateko berme bakarra. Aldebakartasunaren estrategiatik abiatuta, Estatuarekin konfrontazio demokratikoa egiteko molde eta guneak hautatu eta nahieran baliatu nahi ditugu. Eta une honetan, gure proiektua nagusitzeko bidean jarri nahi badugu, indarrak metatzen jarraitu behar dugu. Horrek suposatzen du ditugun lan eremu eta bozgorailu guztiak baliatzeko hautua egitea, baita Espainiako instituzioak ere. Ahots ezkertiar eta independentistarik ez da egonen, gurea ez bada. Hausturaren aldeko mezu garbirik ez da egonen, gurea ez bada. Gure herriaren burujabetza osoa defendatu eta hemen hartzen ditugun erabakiak errespetarazteko erronka da gurea.

4. Nafar Gobernuan EHBildu lan handia egiten ari da, horrek fruituak izango ditu oraingo hauteskundeetan? Zergatik zuei botoa?
Loli

Aldaketa poliki-poliki ari da bidea egiten. Bagenekien ez zela erraza izanen, eta ez da izaten ari. Hala ere, iritzi ezberdinen gainetik, desberdintasunak desberdintasun, determinazio osoa dugu aldaketa bururaino eramateko. Egoera berri honetan gure inplikazioa eta ekarpena agerikoak dira, aurretik izan diren bezalaxe. EH Bildu arlo politiko zein sozialean buru-belarri aritu da urte luzez aldaketa gauza zedin baldintzak sustatzen, eta orain erantzukizun osoz erantzuten ari gatzaizkio aurrean daukagun erronkari. Uste dut nafar jendarteak hori soberan dakiela eta geure zintzotasuna, koherentzia eta lana aintzat hartuko dituela. Aldaketaren bermea garela eta hemen erabakitzen duguna inposizioen gainetik defendatzeko gai garela badakielako.

5. Sabino Cuadra oso pertsona irisgarria, fidagarria, alaia eta karismatikoa da eta izan da urte hauetan Madrideko kongresuan, horrek ere lagundu du EHBildu hauteskunde hauetan ezta?
Loli

Pasa den larunbateko ekitaldian aurkezleek Sabino "gure gizon txiki, bihotz handikoa" zela esan zuten. Hala da. Langile fina, pertsona konprometitua, koherentea, gertua, ezkertiarra, mugimendu sozial eta sindikalean trebatua... Karismarik ez zaio falta, ez horixe! Espektakuluaren politika nagusi den garai honetan, kartoizkoak diruditen hautagaien aurrean, gure Sabinorena beste eredu bat da, kaleko jendea arruntaren eredua. EH Bildurentzat aktibo bat da, zalantzarik gabe. Aldaketaren aldeko nafarrok inork baino hobeki ordezkatzen gaituena.

6. Oraingoan ere Kongresuan talde propioa sortzen ez badizuete, zer? Beste batzuekin taldea sortzea aukera bat da?
galdetzaile

Orain dela lau urte talde propioa izateko aukera lapurtu ziguten, modu gaiztoan egin ere. Deseroso egiten zaie gure ahotsa, eta trikimailu guztiak baliatu dituzte eta baliatuko dituzte hori saihesteko. Aurten, taldea osatzeko erronka daukagu eta, beste jokaldirik egingo balute, ez genuke inongo aukerarik baztertuko taldea osatu ahal izateko, baina, lehenik eta behin, ahots propioa izateko eskubidea defendatuko genuke.

7. Altsasuko mitinean gazte gutxi ikusi ziren, zer egin behar da gazteek gaurko politikoengan sinetsi dezaten? Madridera joateak zer suposatuko du gazteengan?
Loli

Gazteek kriston gaitasuna daukate autoeraketa eta antolakuntzarako. Herri honetan gazteek izugarrizko ibilbide politiko eta soziala izan dute, eta egun, iniziatiba hori erakusten jarraitzen dute. Egia da batzuetan kosta egiten zaigula ohiko formatuetan gazteen inplikazio aktiboa sustatzea, eta hauteskunde hauek, bereziki, gazteei urrun samar geratzen zaizkiela. Horregatik, kanpainan bertan ere, bihar, Sabinok gazteekin izanen du topaketa bat. Uste dut gazte jendeak oso ongi baloratzen duela Sabino bezalako ahots errebelde ez hain gazte bat, baina beraientzako ere miresteko moduko erreferente izan daitekeena, Madrilen izatea.

8. Bipartidismotik laupartidismora pasa garela saldu digute estatu mailan, ze leku izango dugu Madriden nafarrok, euskal herritarrok?
Ni neu

Gure lekua, euskal herritarrok ematen digutena, beren ahotsa eta aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko. Estatuan aspalditik ari gara entzuten balizko aldaketa datorrela, laranja izanen ote den, morea... Espejismoa dela gero eta garbiagoa da. Esperantza gutxi izan dezakegu euskal herritarrok ezer onik etorriko zaigula bertatik. Gure herriaren aitortzarik ez. Gure eskubideen defentsarik ez. Hortaz, Euskal Herrian kokatu behar dugu aldaketa, horretan indar guztiak jarri eta indarrak metatzen jarraitu. Eta Madrilen, geure erabakien defentsa egin, inposizio guztien gainetik.

9. Zein lirateke Kongresura eramanen zenituzkeen lehen hiru neurriak edo gaiak?
S O S

Nafar guztien eta oro har, euskal herritar guztieneskubide guztien defentsa. Lehenik, hortxe ditugu Estatuak hamasei legeri jarritako helegiteak, hainbat arlo sozial eta ekonomikori dagozkionak. Inposaketa horiei aurre egin eta helegiteak bertan behera geratzeko bidea egin behar da. Honekin lotuta, nafarron hitza eta erabakia errespetatzeko marko baten beharra aldarrikatzea. Eta azkenik, giza eskubide, eskubide zibil eta politikoen gaia. Honekin lotuta, presoen gaiari behar den garrantzia eman. Dispertsioa, gaixorik dauden presoak, zigorren luzamendua... agenda politikoan sartzeko ahalegin guztia egin behar dugu.

10. zer egin daiteke Madrilen, kongresuan, euskal presoen etxeratzerako?
aitor karasatorre

Lehenik eta behin, garbi izan behar dugu euskal presoen egoerari konponbidea ematea euskal jendartearen baitan errotuta dagoela, eta Euskal Herritik bertatik egiten dugun presioak, sortzen ditugun sareak, indar metaketa eta elkarlana izango dela gakoa. Horrekin batera, egoera hori Estatuaren agenda politikoan sartzeko etengabeko ahalegina egin behar da, Kongresua bera ere baliatuz, nazioartean ere eragina eduki ahal izateko. Kontuan hartu behar da, gainera, Estatuko gainontzeko nazioen ordezkariak ere badirela beretan, eta sinergiak eratzea inportantea dela euskal presoak etxeratzeko prozesuaren baitan. Kongresuaren bozgorailua eta nazioarteko harremanak egiteko aukera ez dira inolaz ere baztergarriak.

11. Zergatik aldaketaren indarrak batera doaz senatura eta ez kongresura?
Beñat

Argi esan dugu behin baino gehiagotan, EH Bilduk hasieratik izan du erabateko disposizioa aldaketaren aldeko hautagaitza bateratuak aurkezteko. Une berezi honetan, aldaketari bultzada eman, hori bera Madrilen defendatu eta lehen aldiz eskuinari irabazteko eta lehen indarra izateko aukera paregabea bagenuen. Tamalez, argi esan behar da gainontzeko indarrek ez dutela nahi izan Kongresurako aukera hori gauzatzea, bestelako interes estatalak eta alderdikoiak jarri baitituzte aurretik. Edozein modutan, beraiek dira hori azaldu beharko luketenak. Guk penaz ikusten dugu, beraz, Kongresurako "Cambio-Aldaketa" bezalako hautagaitza ez izatea.

12. Zein da zure porra Nafarroarako? Busti zaitez! jeje
Altsasu

Kar, kar, ez dut sekula asmatzen eta! Busti egingo naiz. UPN-PP 2, , Podemos 1, EH Bildu 1, Geroa Bai 1. Badakit ez dela erraza izango, eta Estatu mailako espektakuluaren politikari aurre egin eta azken botoa ere borrokatu beharko dugula, baina nafar jendarteak hauteskunde hauetan Nafarroan gauzatzen ari den aldaketa babestu egingo duela uste dut.

Agurra

Mila esker zuen galderak egiteagatik! Ordubete luze pasata, tarterik ez dut izan denei erantzunik emateko, sentitzen dut. Hala ere, ariketa benetan interesgarria izan da, eta galderak, zinez mamitsuak. Espero dut hurrengo batean ere zuekin jarduteko aukera izatea. Mila esker anitz!