Elkarrizketak on-line

Maitane Intxaurragari on-line elkarrizketa

Guaixe 2016ko mai. 10a, 09:30

Maitane Intxaurragari on-line elkarrizketa

Apirila akaberan despeditu zuen ezker abertzaleak Abian eztabaida prozesua eta emaitza larunbatean aurkeztu zuen. Berrikuntzarako oinarriak zehaztu ditu, "euskal errepublika askea irabazteko". Horren inguruko galderak erantzun berri ditu Maitane Intxaurragak.

1. Zergatik egin du Abian prozesua ezker abertzaleak? Eta zergatik ez Sortuk , LABek eta Ernaik bere kabuz?
Brau-

Ezker Abertzalea Erani, Sortu eta LAB-en etxe komuna izaki, aldika gogeta bateratua egiten dugu historikoki. Azken gogoeta sakona duela 6 urte egin genuen Zutik EH txostenarekin eta oraingoan Abian izena jarri diogun hausnarketa prozesua ireki genuen. Ondoren erakunde bakoitzak bere prozesua eginen du Ezker Abertzalea osorik berritzeko asmoz. Sortuk jada ireki du birfundazio fasea eta abendu arte iraungo du. Irailetik hasita herri guztietan Ezker Abertzaleko kidego osoak izanen du aukera batzarren eta euskarri telemetikoen bidez parte hartu, ekarpenak egin, emendakinak aurkeztu eta zuzendaritza aukeratzeko, baita zuzendaritzarako kideak proposatzeko ere.

2. Gaztakaren "ondorioak". Zein da ezker abertzalearen egitekoa?
galdetzaile

Alor honi dagokionez, gatazkaren ondorioak konpontzea litzake, bai preso-iheslarien afera, bai desarmea, bai desmilitarizazioa, bai kaltetuen errekonozimendua eta reparazioa burutzea. Horretarako Ezker Abertzaleak herritarrak aktibatu eta oinarrizkoak diren giza eskubide, eskubide zibil eta demokratikoen aldarrikapenean herritar gehiengoaren atxikimenduaren bultzadaz pausoak ematea nahiko genuke, EH-n gatazkak eragindako ondorioak konpontzeko. Azken finean justizia eta oinarrizko eskubideetan sakonduz sortutako zauri anitzak konpondu. Horretan ari gara eremu ezberdinetan.

3. Abian prozesuak ez du erakundeen (Sortu, LAB, Ernai) independentzia eta jarduna mugatzen?
-lio

Ez. Sortu, LAB eta Ernai erakunde autonomoak dira baina tellatu berak babesten gaitu. Tellatua nolakoa izan behar den denon artean erabakitzen dugu eta gero bakoitzak tellatu horren azpian bere gela eraikitzen du. Hau da, Ezker Abertzalean, denon artean, antolatu zein antolatu gabeko kidegoak erabakitzen dugu zeintzuk diren oianarri ideologiko-politiko-organizatiboak eta gero bakoitzak bere etxean oinarri hori kontutan hartuz bere lan eremu espezifikoari begirakoak zehazten ditu askatasun osoz, koherentzia bat mantenduz.

4. Euskal errepublika askea. Zer da hori?
Nola

Gure proiektu politikoaren azken helburuak sintetitzatzeko era bat, hala ere kontzeptu bat falta zaio osoa izateko. Guk diogu, gure helburua Euskal Errepublika Sozialista bat dela. Zer barne biltzan dute hiru hitz horiek? Lurraldea: Euskal Herria eta euskalduna. Izaera politikoa: Errepublika, monarkiarik ez, inork hautatu gabeko autoritatetik ez. Izaera sozio-ekonomikoa: Sozialista, pertsona oinarri, justizia soziala, inguruneari errespetua, genero arteko berdintasuna, komunala edo publikoaren lehenestea,....

5. Partehartzea espero zena izan al da? Herritarren ilusioak zauriak al ditu?
Lore

Prozesua luzea izan da (6 hilabete), hasieran entzute fasea ireki zen eta fase horretan 9.000 lagunekin egon ginen eta 700 ekarpen idatzi baino gehiago jaso.
Eztabaida fasean berriz, orotara 5.000 lagunek parte hartu du, beraz entzute fasean aprte hartutako kopuru handi batek ez du aprte hartu eztabaida guneetan. Gure nahia jende kopuru handiago batek eztabaidan parte hartzea zen eta ez dugu lortu, baina 5.000 lagun eztabaidan jartzea ere ez da erronka erraza. Ez dakit EH-an beste indar politikorik ba ote dagoen milaka lagun eztabaidan jartzeko ahalmenarekin. Hala ere kopuru hori handitzea da gure erronka hurrengo eztabaida prozesuetarako, noski.

6. Zer ekarpen egingo dio Otegik prozesu berri honi? Orokorrean ezker abertzaleari?
kuxkuxeroa

Otegi kartzelatik atera zenean jada hasia zegoen eztabaida prozesua, baina entzute fasean aukera izan dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek beraien ekarpenak egiteko, eta Otegik ere egin zuen bere ekarpena. Horrez gain, Arnaldo kalean egoteak haize berria ekarri du, ekarpen garratzitsua da Ezker Abertzalearendako militante koalifikatu bat gehiago kalean eta lanerako prest izatea. Zoritxarrez oraindik 300 kide baino gehiago daude kartzeletan, beraien ekarpen politikoa ezinbestekoa denean herri honen etorkizuna jorratze bidean.

7. Herrigintza ardatz azpimarratzen duzue, nola aktibatu herria berriz?
kuxkuxeroa

Herrigintza ardatz hartu dugu bai, Estatugintzari ekiteko herrietatik adostasun trasbertsalak eta antolaketa ezin bestekoa direlako. Estatu bat eraiki nahi dugu herritarren gehiengoaren atxikimendu eta gehiengo horren interes eta beharrei erantzuteko, herriarekin, herriarentzat, azken finean. Aktibazioa ilusioak ematen du, proiektu bat egi bihurtu daitekela ikusten denean eta proiektu horrek onurak ekartzen dituela barneratzen denean. Beraz errezeta hori da, ilusio sortuko duen proiektu edo proposamenak egitea, konpartitzea eta adostea.

8. Nola behartu Estatua pausuak eman ditzan gatazkaren konponbidean?
ni neu

Miraririk ezin egin eta guri bururatzen zaigun bide eraginkorrena presio politiko-instituzional eta soziala dira, bai EH-tik, bai Nazioartetik. gatazkaren konponbidean, jada hegemonia ideologiko-sozialean izugarrizko pausoak eman dira, hau da, jendartearen gehiengoa da jada politika penitentziario aldatzearen aldekoa, salbuespeneko neurriak ez mantentzearen aldekoa, adibidez, horrek jada aldarrikapen baten gehiengoaren babesa dakar, eta babes horrek alderdi politikoen mezuetan aldaketan ekarri ditu azken urte hauetan, presio sozial horrek eraginda. Hori lortuta, orain presio sozial-politiko eta instituzionalean sakondu beharrean gaude Estatuei mantentzen duten blokeoa jasan gaitza bihurtzeko. Nazio artean ere lan andana egiten ari gara eremu ezberdinetan, gaur egun jada inork ez du ulertzen Estatu Espainiar zein Frantziarraren jarrera eta horrek ere nazioartean presio eragiten hasi da bi Estatuekiko.
Hala ere ildo hau elikatzeko prozesu independentista martxan jartzearen beharre erdietzi dugu Abian porzesuan, bi ildoak elkar elikatzen bai dute. Ez gara hasi borrokan presoak daudelako, presoak daude borrokan hasi ginelako eta Independentziarako bidean emandako pausoak azkartu dezakete ondorioen konponbidea ere.

9. Aurpegi berriak ikusi ditugu Arabako eta Bizkaiko zerrendetan, beharrezkoa ikusten da erreferentziazko pertsonak izatea? Nire ustez bai, komunikatzaile onak eta sinesgarriak behar dira, proiektuak merezi duela eta Herri libre bat izateko aukera badugula sinistarazi beharra dago.
Nerea

Zerrendak osatzerakoan irizpide batzuk jartzen dira mahai gainean: genero irizpidea, hizkuntz irizpidea, gaitasun politikoa, komunikatzeko gaitasuna, lan taldean lan egiteko gaitasuna,...eta horren inguruan gogoeta egin eta jasotzen diren proposamenekin osatzen dira zerrendak. Egia da batzuetan, uztez egokienak izan daitezkeenak, ez dutela nahi edo ahal zerrendetan joatea, arrazoi pertsonal, profesional edo beste ardura batzuk dituztela medio, baina zorionez, herri honetan egunerokotasunean eremu ezberdinetan lanean diarduten jende asko dago eta bere ekarpena egiteko prest.

Agurra

Ezin bukatu galderak egin dituzuenoi eta Guaixe astekariari eskerrak eman gabe. Bestalde, Abian prozesuan parte hartu duzuen guztioi, edo eta, parte hartu ez, baina egunerokoan Sakana eta EH eraikitzeko lanetan ari zaretenoi esan, ilusioz eta irria galdu gabe segitzeko, egunero entzun eta ikasten, merezi bai du, etorkizun hobeago bat dugu zain eta.