Ergoienako Udalak, azaroaren 27an egin bilkuran, aurtengo aurrekontua onartu zuen. 311.370 euro izanen ditu udalak 2009an kudeatzeko. Inbertsioetan zatirik nabarmenena udalerriko hirigintza plana berritzera bideratuko duena da, 50.600 euro. Ergoienako Udalak Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsetik gehienez ere 75.397 euro jasoko ditu. Diru hori zertara bideratuko duen zehaztu du udalak. Alde batetik, Lizarragako Jai Alai frontoiko paretak margotu eta argiteria berrituko dituzte. Unanun, bestetik, autobus geltokia eraikiko da. Azkenik, Dorraon eskoletako eraikineko fatxada konponduko da, kontsultategian dagoen hezetasuna kentze aldera. Bestalde, eguraldiak nahiko traba jarri badizkie ere aurrera doa Ollokiegi enpresa bere lanean, Ergoienako hiru herrien arteko bideak konpontzen. Dorrao aldeko bideen konponketan ari dira azkenaldian. Hori dela eta, Dorrao eta Unanu arteko bidea itxita dago, eta autoak beheko dermioko bidetik desbideratzen dituzte.