Haur ordenantzaren kontura 1.800 euro banatu ditu udalak

Guaixe 2009ko urt. 20a, 00:00
Ergoienako Udalak jaiotzak eta erroldatzeak sustatzeko diru-laguntzak banatzeko ordenantza martxan du 2.002 urteaz geroztik. Ordenantzaren helburua da jaiotza tasak bulkatzea eta udalerriaren populazioa handitzea. Iaz udalak hiru laguntza eman zituen. Haietako bi 700 eurokoak izan ziren, jaio berria familiako bigarren haurra zelako. Ergoienako Udalak eman zuen beste diru-laguntza 400 eurokoa izan zen, lehen seme-alaba izan zuen familia batek jaso zuena. Baldintzak Diru-laguntza horiek jaso ahal izateko jaioberrien gurasoek Ergoienan erroldatuak egon behar dute eta bertan bizi, gutxienez haurra jaio aurreko azken urtean. Haurra jaiotzearekin batera zehaztua dagoen diru-laguntza jasoko dute gurasoek, eta erditze anizkoitzen kasuan, diru-laguntza handiagoa izanen da. Adoptatutako umeen kasuan, umeak urtebete baino gutxiago badu, diru laguntza jaso ahal izango da. Hauek izanen dira diru laguntzaren zenbatekoak: lehendabiziko haurrarengatik 400 euroko diru laguntza, bigarren haurrarengatik 700 eurokoa, eta hirugarren haurrengandik aurrera 1.000 euro bakoitzagatik. Gurasoek diru-laguntzaren eskaera Ergoienako udaletxean egin behar dute, seme-alaba jaiotzen den urteko abenduaren 1a baino lehen. Seme-alaba abenduan jaiotzen bada, eskaera hurrengo urtean egin behar dute. Eskaera guraso biek sinatu behar dute, eta guraso bakarreko familietan aski izanen da jaioberriarekin batera familia osatzen duen guraso bakarrak sinatzea. Horrekin batera, seme-alabaren edo seme-alaben jaiotza-agiria aurkeztu beharko dute.