Kontzejuek zehaztu dituzte zein lan egin nahi dituzten

Guaixe 2009ko urt. 26a, 00:00
Lau urteko toki azpiegituren plana onartuko da aurten. Hori dela eta, mankomunitateek, udalek eta kontzejuek egin nahi dituzten lanen egitasmoak aurkeztu behar dituzte Toki Administrazio Departamentuan. Ergoienako udal buletinak jakitera eman duenez, hiru kontzejuek dagoeneko erabakia dute zein lanetarako eskatuko dituzten diru laguntzak. LizarragaKontzejuak bi lan diruz laguntzea proposatuko dio Nafarroako Gobernuari. Alde batetik, Lizarragako kontzeju etxeko behe solairua eraberritu nahi da idazkaritza medikuaren etxetik hara pasatzeko. Kontzejuaren idazkaritzarekin batera batzarrak egiteko gela, artxiboa, komuna eta itxaron gela egokituko lirateke. Baita sarrerako oztopo arkitektonikoak kendu ere. Lizarragako kontzejuak diruz laguntzeko proposatu duen bigarren lana plaza berri bat egitea da. Hilaren lauan gaia batzarrean aztertu zuten lizarragatarrek eta oniritzia eman zioten egitasmoari. Plaza berria, egungoaren maldarik gabe, herriaren ekialdean eraikiko litzateke Azi Iturri elkartearen ondoan, egun haurrendako jolas-parkea dagoen tokian. Unanu eta DorraoUnanuko Kontzejuak labadero eta pilotalekuko kaleak urbanizatu nahi lituzke lau urteko planeko diru-laguntzen bidez. Sareak berritu, argiteria eta zorua jarriko lirateke diru-laguntza jasoz gero. Dorraoko Kontzejuak, azkenik, kontzeju etxe zaharra berritu nahiko luke. Ikastaroak hartzen dituen eraikina ez dago egoera onenean eta han biltzen direnek hotz handia pasatzen dute. Diru-laguntza jasoz gero eraikina berrituko luke Dorraoko Kontzejuak.