51 hektarea erre zituzten nahita eragindako zazpi suteek

Guaixe 2009ko martxoaren 23a

Lehen kedarrak ikusi zituztenek belar erreketak izanen zirela uste izan zuten. Baina kedarrak hartu zuen tamainak ez zuen aukera hori laguntzen eta ezohiko zerbait zela konturatu ziren. Ostegun arratsaldean makina bat dei jaso zituen SOS Nafarroak Aranaz aldetik, basoa sutan zela jakinarazteko. Bakarren batek edo batzuk nahita eragindako suteak izan ziren ostegunean Etxarri Aranatzen izan zirenak. Basozainek esan digutenez, "nahita eragindako suteena ez du aurrekaririk Nafarroan". Suteak sortzeko errepide jarraitzea besterik ez zuten egin. Dorraoko etxe ondoan, igerilekura daraman borobilean hasi eta Lizarrusti aldera jo zuten. Ezbeharraren tokira iritsi ziren suhiltzaileek Foruzaingoa jakinaren gainean jarri zuten, konturatu baitziren haien aurretik bakarren bat sua eragiten ari zela. OndorioakErretakoak guztira 51 hektarea izan dira. Dorraoko etxe ondoko basoan (3 foko eta hektarea laurdena) eta Berroeta ondoan ere suak kalteak eragin zituen. Hala ere, suaren eraginak nabarmenagoak izan ziren Elkorri aldean, zehazki, Zarapin (2 hektarea), Bekolan  (Herriko bordan 5 hektarea eta Ilardiko bizkarrean 10,5 hektarea erreta) eta Goikolan (Zerroan, 31 hektarea). Hiru sute horietan garrek aldapa gora egin zuten eta haiek hiltzeko gaua sartu zen. Bestalde, San Gregorio ermita ondoan, eta barga aldean landatutako pinudi batek ere su hartu zuen ostegunean.Belarra, orbela, sasiak (4 hektarea) eta zuhaixkek hartu zuten su errazen. Basozainek jakinarazi digutenez, "momenturik txarrenean eman diote su eta kalte handia sortu du. Pagoak azal fina du eta ez du sua ongi jasaten, asko sufritzen du. Izerdia botatzen hasi dira eta hondatu egin dira. Kalte dezente sortu du". Itzaltze lanakAltsasu, Iruñea eta Oronozko parkeetako suhiltzaileek parte hartu zuten sua itzaltzeko lanetan. Eta haiekin batera Aranaz aldeko makina bat gizon-emakumek. Suhiltzaileek emandako trenekin, aitzur eta makilekin suari gogoz egin zioten aurka. Abeltzainek ere haien zisternekin urez hornitu zituzten suhiltzaileen kamioiak. Helikopteroaren laguntza ere izan zuten tarte batean. Etxarriko igerilekuan urez hornitu eta su gainean bota zuen. Su guztiak ostegunean bertan itzali zituzten, baina ostiral eguerdian, beroaren eta haizearen laguntzaz berriro bakarren bat piztu zen. Altsasuko parkeko suhiltzaileak, helikopteroaren laguntzaz berehala itzali zuten.