Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ergoienako Udalak hainbat laguntzaile eta babeslerekin antolatuta, bihar, irailaren 19an, larunbatean jokatuko da Ergoienako V. Bira. Aurtengo ibilbideak Unanu izango du abiapuntu eta helmuga, baina tartean Dorrao eta Unanutik pasako da. Kategoria txikikoen lasterketak 17:00etan hasiko dira, eta segidan proba nagusiaren txanda helduko da. Lasterketan aritzeko aurretik eman daiteke izena www.herrikrossa.com web gunean (4 euro) edo bihar bertan osatu daiteke inskripzioa, Unanun, lasterketa hasi baino ordubete lehenago (5 euro). Lehenik eta behin kategoria txikiendako probak jokatuko dira Unanun. Benjaminak, alebinak, haurrak eta kadete eta jubenilak ariko dira lanean. Eta ondoren helduen txanda helduko da. Unanutik aterata guztira 8,5 km gorabeheratsu hartuko ditu lasterketak. Unanutik Dorraora, atzera ere Unanura, segidan Lizarraga aldera eta bertatik Dorraora joango dira korrikalariak, proba Unanun despeditzeko. Dorrao eta Unanu arteko porlanezko pista eta Unanu eta Lizarragarako norabidean dagoen errota zaharraren arteko kaskailu zatia izan ezik, ibilbide guztia asfaltatuta izanen da.Ergoienako Bira Sakanako V. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak sari nagusirako baliagarria da. Koparako baliagarriak diren beste bi lasterketa geratzen dira: azaroaren 15eko Sakanako VII. Herri Lasterketa eta abenduaren 31ko Altsasuko San Silbestrea. Hortaz, bihar Ergoienan aritzen direnek aipatu Koparako puntuatuko dute.Sari potolo eta gozoakSari ederrak banatuko dira bihar Unanun, eta aurreko edizioekin alderatuz aldaketak izan dira. Irabazleek, lehen gizonak eta emakumeak, 100 euro eta trofeoa eskuratuko dituzte; bigarren postuan amaitzen dutenek 75 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 50 euro eta trofeoa. Sakandarrendako ere sari berberak aurreikusi dituzte: lehen sakandarrek - gizonak eta emakumeak - 100 euro, bigarrenek 75 euro eta hirugarrenek 50 euro. Bestalde, beterano onenek trofeoa jasoko dute. Eta ergoendarrendako propio sariak ere badira. Alde batetik, Ergoienan erroldatutako partaide guztiendako afaria izango da Zugain jatetxean, eta lasterketan helmugara iristen diren lehen gizonezko eta emakumezko ergoendarrek pultsu-neurtzailea jasoko dute opari. Aipatzekoa da, gainera, antolakuntzak txirrindula eder bat zozketatuko duela parte hartzaile guztien artean. Bukatzeko, txikienen kategorietan benjaminei, alebinei eta haurrei dominak banatuko zaizkie eta kadete eta jubeniletan sailkatzen diren lehengoek kirol materiala erosteko 60 euroko txekea jasoko dute. Sariak ez dira metagarriak izango, hau da, saritu bakoitzak ezin izango du bat baino gehiago jaso, balio gehiena duena hautatu beharko du. Probaren informazio guztia: www.ergoiena.com