Udalak hirigintza planari bultzada eman nahi dio

Guaixe 2010eko urtarrilaren 12a

Ergoienako Udalak aurtengo aurrekontua onartu du: 277.434 euro izanen ditu ibarreko udalak aurten kudeatzeko. Diru sail handiena, 50.600 euro, hirigintza planari azken bultzada ematera bideratuko du. Ergoienako Udalak, bestalde, Enplegurako eta Jasangarritasunerako Toki Inbertsioaren Estatu funts berritik 45.081 euro jasoko ditu. Haietatik 22.431 euro Lizarragako mediku etxean gizarte areto bat egokitzera bideratuko da. Lizarragan bezala, Dorraon ere gizarte areto bat egokituko da, kontzejuaren etxabean hain zuzen. Unanun, berriz, herriko hainbat tokitan barandak jarriko ditu udalak. Azken bi herriotako lanen aurrekontua 11.321 eurokoa da. KontzejuakErgoienako hiru herrietako kontzejuek euren aurtengo aurrekontua ere onartu dute. Lizarragakoak 60.690 euro kudeatuko ditu. Nafarroako Gobernuak, Toki Inbertsioen Planaren bidez, aurten kontzeju etxean lanak egitea onartu zuen. Kontzejuak lan horiek iazko aurreikusiak zituen eta horregatik 55.000 euroko diru saila aurreikusi zuen. Poltsa hori aurtengo aurrekontuan kokatuko da. Unanuko Kontzejuak aurten 110.340,15 euro kudeatuko ditu. Unanun eginen den inbertsio handiena basoan lanak egitera bideratuko da; 36.735,15 euro. Dorraoko Kontzejuak, azkenik, 69.550 euro izanen ditu aurten. Ez du inbertsio handirik aurreikusten.