Ergoienari Bira emateko aukera

Guaixe 2010ko ira. 17a, 00:00
Ergoienako Udalak hainbat laguntzaile eta babeslerekin antolatuta, bihar, irailaren 18an, larunbatean, Ergoienako VI. Bira jokatuko da. Aurtengo ibilbideak Dorrao izango du abiapuntu eta helmuga, baina tartean Unanu eta Lizarragatik pasako da. Lasterketan aritzeko aurretik eman daiteke izena www.ergoiena.com web gunean (4 euro) edo bihar bertan osatu daiteke inskripzioa, Dorraon, lasterketa hasi baino lehen (5 euro). Lehenik eta behin kategoria txikiendako probak jokatuko dira Dorraon, 17:00etan. Benjaminak, alebinak, haurrak eta kadete eta jubenilak ariko dira lanean. Eta ondoren helduen txanda helduko da. Guztira 8,5 km gorabeheratsu hartuko ditu lasterketak. Dorraotik Unanura joanen dira, atzera ere Dorraora, segidan berriro Unanura jotzeko eta bertatik Lizarragara egiteko. Han buelta hartu eta proba Dorraon despedituko da. Dorrao eta Unanu arteko porlanezko pista eta Unanu eta Lizarragarako norabidean dagoen errota zaharraren arteko kaskailu zatia izan ezik, ibilbide guztia asfaltatuta izanen da.Ergoienako Bira Sakanako VI. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak sari nagusirako baliagarria da. Koparako baliagarriak diren beste bi lasterketa geratzen dira: azaroaren 21eko Sakanako X. Herri Lasterketa eta abenduaren 31ko Altsasuko San Silbestrea. Hortaz, bihar Ergoienan aritzen direnek aipatu Koparako puntuatuko dute.Sari potolo eta gozoakSari ederrak banatuko dira bihar Unanun. Irabazleek, lehen gizonak eta emakumeak, 100 euro eta trofeoa eskuratuko dituzte; bigarren postuan amaitzen dutenek 80 euro eta trofeoa eta hirugarrenek 60 euro eta trofeoa. Lehen sakandarrek - gizonak eta emakumeak - 60 euro jasoko dituzte. Bestalde, beterano onenek trofeoa jasoko dute. Ergoendarrendako propio sariak ere badira. Alde batetik, Ergoienan erroldatutako partaide guztiendako afaria izango da Zugain jatetxean, eta lasterketan helmugara iristen diren lehen gizonezko eta emakumezko ergoendarrek kirol materiala erosteko 60 euroko txekea jasoko dute. Aipatzekoa da, gainera, antolakuntzak txirrindula eder bat zozketatuko duela parte- hartzaile guztien artean. Bukatzeko, txikienen kategorietan benjaminei, alebinei, haurrei, kadeteei eta jubenilei dominak banatuko zaizkie.Sariak ez dira metagarriak izango, hau da, saritu bakoitzak ezin izango du bat baino gehiago jaso, balio gehiena duena hautatu beharko du. Probaren informazio guztia: www.ergoiena.com