Dorraon lan bat eginen du udalak

Guaixe 2013ko aza. 5a, 14:25
Ergoienako Udalak heldu den urtean 306.850 euroko aurrekontua izanen du, aurtengoa baino 26.630 euro handiagoa. Aurrekontua handitu bada, hein handi batean, argindar, erregai eta bestelako zerbitzuen prezioen igoeragatik izan da. Inbertsioen atalean Ergoienako Udalak 16.000 euro ditu Dorraon eginen den lan baterako bideratzeko. Ziurrenik alondegiko teiladura berrituko da. Udalaren laguntzaz aurretik Lizarragan eta Unanun markesina bana eraiki ziren.Heldu den urterako udalen asmoen artean daude datu babesaren inguruko auditoria egitea eta lan arriskuen prebentzioa langile guztiei zabaltzea, baita behin behinekoei ere. Horretaz gain, eskaintzen dituen zerbitzuei eutsiko die Ergoienako Udalak. Hala, asteazkenetan Altsasuko azokara joateko autobusak joan etorriak egiten segituko du. Bestalde, bi ikastaro ere martxan dira: eskulanak Unanun eta pilatesa Lizarragan.Hirigintza plana90. hamarkada erdialdetik berritu gabe dago Ergoienako hirigintza plana. Gaurkotu ez denez, hartan oinarrituta lan egiten du udalak, eta horrek lan gehigarri bat eskatzen du. Ergoienako Udalak plana egokitzeko prozedura aspaldi hasi zuen. Lurralde okupazio estrategia ere aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari. Dokumentua ez zela egokia erantzun zuen gobernuak, baina gehiago argitu gabe. Bitartean legedia aldatu egin da eta beste modu batera egin beharko da tramitazioa. Aurreneko pausoa foru administrazioak eman beharko luke, baina ez du ematen.