Hirigintza plana berritzeko prozesua hasi da

Guaixe 2018ko mai. 11a, 09:18
Ergoienako ikuspegia.

Udalak hiru herrietan bere asmoen berri eman eta ergoendarren iritziak jaso ditu plana egiteko.

Lizarraga, Dorrao eta, pasa den asteko astelehenean, Unanun. Ergoienako Udaleko kideak eta arkitektoak hiru herrietatik pasa dira hirigintza plan berria egiteko prozesuaren barruan. Dituzten asmoen berri ematearekin batera ergoendarren iritziak jaso nahi izan dituzte bilera erronda horiekin, denen artean nolako ibarra nahi duten zehazteko ere balio du. Bilerak astegunetan izanda ere, ergoendarren parte hartzearekin pozik daude udalean.

Joseba Imaz Berastegi alkateak azaldu digunez, egun indarrean dagoen hirigintza plana 1996koa da. "Beharretarako egokitzeko moldaketak egin dira, baina hirigintza plana eguneratu beharra dago. Hirigintza planagatik kexa asko jaso dira udaletxean". Hori egin ahal izateko Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza du Ergoienako Udalak. Imazek esan digunez, 2019ko martxorako Lurralde Okupazio Estrategia eta Eredua egina nahi lukete. "Legegintzaldia despeditzerako plana ez da egina egonen, baina bai oso aurreratua" esan digu alkateak.

Udala 2007-2011 legegintzaldian saiatu zen plana berritzen, baina lege aldaketa batek aurreratutako guztia bertan behera utzi zuen. 2008an hasi zituen udalak berritzeko lanak eta 2010ean azken bultzada ematekotan zen. Lurralde Okupazio Estrategia eta Eredua txostena egin eta Nafarroako Gobernuari aurkeztu zion. Hark egokia ez zela erantzun zuen, baina gehiago argitu gabe. Bitartean legedia eta tramitazioa egiteko modua aldatu ziren. Ergoienako Udalean gobernuak bere egitekoak bete ez izanaren sentipena nagusitu zen orduan.