Ergoienako Udalak, maiatzaren 27an egindako batzarrean, COVID-19 birusak sortutako pandemia dela eta aurtengo antolatutako zenbait ekitaldi bertan behera uztea erabaki zuen. Tartean dago Ergoienako Bira.
Ergoienako Birak Lizarraga, Dorrao eta Unanu batzen ditu eta urtero herri bat da lasterketaren abiapuntu eta helmuga. Joan den urtean irailaren 21ean jokatu zen lasterketa, Dorraon, probaren 15. edizioa hain zuzen ere, eta urte horretan bertan zendutako Joxe Mari Mercero Oroimenezko 1. Saria izendatu zuten proba, korrikalari unanuar beteranoa gogoan. Haren taldekide Antonio Etxeberriak eta Izaskun Beunzak irabazi zuten lasterketa. Aurten lasterketaren 16. edizioa zegoen jokoan, irailean, baina proba bertan behera uztea erabaki du Ergoienako Udalak, pandemiagatik.