Nerea Marin

"Hiriak baino jokorako aukera handiagoa ematen du herriak"

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko abu. 2a, 09:00

Iruñeko Iturrama auzoa ahal duen guztietan atzean uzten du Dorraora joateko

Iruñean bizi izan da  Nerea Marin Razkin. "Baina betidanik joan izan gara herrira. Han ikasi eta asteburuetan, oporretan edo jai zegoen guztietan Dorraora joaten ginen. Eskerrak! Asko pozten naiz horregatik". Marinek azaldu duenez, "Iturramaren eta Dorraoren artean alde handia dago. Herriko bizi estiloak autonomia handia ematen dizu. Hiriak baino jokorako aukera handiagoa ematen du herriak". 

Marinek gaineratu duenez, "12 edo 14 urtera arte herrian egotea oso interesgarria da. Hiriburuan ezin zara herrian bezala ibili. Herrian oso aske zaude, jolasteko eta gauza asko egiteko aukera ematen dizu". Aitortu duenez, "nire gaztaroa Dorraon pasa nuen eta gozatu egin nuen, ederra izan zen. Beste erlazio mota bat da. Koadrilan asko hitz egiten zen, herrietako festetara joaten ginen... Erlazioa oso polita da". 

Azaldu duenez, denborarekin jolasak eta dinamikak aldatu egin dira, "ditxosozko telefono mugikorra. Ahaztuta daude jolas batzuk: soka, goma, lapurrak eta poliziak, pote-potea...". Abereak zeuden herrian, amonaren etxean. Mendira ere txangoak egiten zituzten. "Mendi zoragarriak ditugu hemen. Gazteluko bordara egun pasa joaten ginen taldean. Sei urteko aldea egon zitekeen gure artean. Nork bere motxila eramaten zuen. 08:00etan abiatzen ginen. Iturri batean gelditu eta han gosaltzen genuen. Gaztelun geundela errekara jaisten ginen, harri artean ibiltzera. Itzela zen". Halakorik hirian ez dagoela eta ez dutela bizi esan du Marinek. Horregatik, orain gurasoen ereduari jarraituz, jai edo oporrak dauden guztietan familiarekin Dorraora bueltatzen da, bere gurasoen etxera. 
Azaldu duenez, "sentimendu horiek alabekin berritzen ari naiz. Hori lortzen ahaleginduko naiz". Dorraorekin harremana bizi-bizia du: "betiko lagunak hemen ditut. Batzuk joan dira, edo batzuetan zaila izaten da bat egitea. Baina udan askotan egoten gara elkarrekin. Baina gure artean gehiago hitz egin beharra dugu jakiteko herrian zein dagoen". 

Egonaldiaz

Hiriburutik gurasoen etxera doaz zuzenean. Herrian dagoela gustuko du Itur Aldea elkartera joatea eta lagunekin kontu kontari egotea. "Ahal bada afaltzera elkartzen gara lagunak, edo planen bat egiten dugu". Aldamenean dauden parkera eta frontoira ere joaten da, alabekin jolastera. 

"Sentimendu horiek alabekin berritzen ari naiz. hori lortzen ahaleginduko naiz"

Laster egitea gustatzen zaio Marini. "Beriainera korrika joatea gustatzen zait. Baita bizikletan ibiltzea ere, nahiz eta asko ez aritu". Kirol dezente egiten du: astean hiruzpalautan laster egiten du, bizikleta, Behobia-Donostia, San Fermin lasterketa, Dorraotik Beriainera joan-etorria denbora onean egin izan du… "Normalean, senarrarekin egiten dut. Bakarren batean bakarrik ere". Aitortu duenez, "kirola asko gustatzen zait. Terapia, bizitza da. Osasuna da. Gozatzen dut. Niretako denbora bat da. Bukaeran nekatuta zaude, baina oso gustura". Gurasoek alaben ardura hartzen dutelako egin ditzake bikoteak halako bueltak, "bestela ezinen genuke. Asko gozatzen dugu". 

Dorraoko amonaren etxera iristen zenean amonaren etxeko azienda usaina du gogoan. "Gero amak lan handia hartzen zuen guztia garbitzen". Baina ez du Dorraorekin identifikatzen duen usainik. Irudiak bai: "dena. Edonora begiratzen duzula ere, ikuspegia ikusgarria da. Izugarri baloratzen dut. Hain alde handia dago hirian bizitzetik hemen bizitzera!" Ikasturtearekin batera errutinari ekinen dio. Hiriburuan, txikitan bezala, Marinek ez du planik. "Ikastolako guraso batzuekin erlazioa dugu. Baina, bestela, eguraldi ona egiten badu, parkera ateratzen gara, edo alabekin bizikletan bueltaren bat ematen dugu, etxera goiz ez sartzeko". Neguan zuzenean etxera joaten dira.