Uda Sakanan 2026

"Eta gazteen ondoan, gaztetu amiñe!"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko uztailaren 31

Boni Luis Erdozia bizi den inguruan bada zerbait, berak bezala 100 urte hartu dituztenak egon baitira

Lizarragako Erdozian etxean hartu gaitu Boni Luis Erdoziak. "Urteak aurrera doaz!" esan digu. Agorrilaren aurreneko astean 101 urte beteko ditu. "Asko dira. Lasterkan pasa dira. Jaungoikoak berak ikusiko du aurrera segi behar dudan, edo atzera. Nik beti aurrera segitzeko borondatea eta ilusioa dut".

Egin dituen bero zakarrekin etxean "amiñe oso ongi" dagoela esan du. Ziurtatu duenez, "ez naiz aspertzen. Ahal dudana egin, hizketatu eta zerbait egin". Arratsaldean, freskatzean, kalera ateratzen da Boni. Plazara ez, Azi Iturri kaleak Teleibiderekin bat egiten duen tokirantz jotzen du. "Hor elkartzen gara kuadrilla bat, zazpi edo zortzi lagun". Gaineratu duenez, "orduren bat-edo egoten gara, edo gehiago. Kontu-konta, gezurrak edo egiak, segi aurrera", azaldu du. Zehaztu duenez, "lehengo kontuak esaten egoten gara: nola ginen, nola hazi ginen. Nolabait halabait bizi izan gara. Orain arte lan eta lan ibili gara. Eta orain ongi gaudela, orain hil egin behar". Oraingo kontuez ere aritzen direla gaineratu du, "denetarik esaten dugu". Lizerratar zaharrena da Boni. Hizketatzera elkartzen direnak bera baino gazteagoak dira, "eta gazteen ondoan, gaztetu amiñe! Oso ongi, Jesus!!!" Aldamenak kalean elkartzen diren tokiari Parlamentua hots egiten diote Erdozian etxean.

Hizketaldiak bukatzean etxera joan eta afaltzekoa da Boni. Ez da kalean afaltzearen aldekoa, "sekula ez dut kanpoan afaldu, ez dakit gustatzen. Etxean nahiago dut". Erdozian etxea plazan bertan dago, "baina festetan eta Arleze Egunean ez naiz ateratzen. Amiña hau ez da inora ere joaten. Etxean bezain ongi ez da egoten beste inon ere".

Gehiago

Bonik esan duenez, "orain ez dut ezer egiten. Erretiratu naiz, zahartu naiz eta. Bista joan zait. Eta bista joanez gero ez da ikusten. Lanak egiteko gogoa bai, baina ezin egin, zahartu naiz ere. Orain jai daukat". Beraz, etxeko lanak ez ditu egiten. Hori bai, alubiak urbeltzea bezalako lanak egiten ditu. "Ematen dizkidatenak bikortzen ditut". Bikortutako alubiak edo babak etxean jateko izaten dira.

Irakurtzen defenditzen da, "baina ez dut ikusten eta ez dut ulertzen". Duela gutxira arte kartetan asko aritutakoa da Boni, baina utzi dio, "zahartu gara eta!"

Lanean zortzi urterekin hasi zela jakinarazi du, beraz, eskolara gutxitan joan zen. Beheko basora bidali zuten etxekoek, zerbitzatzera. Handik gurdiak Lizarragarantz abiatzen ziren, "eta nik eskapo egiten nuen! Amak bueltatzeko esan eta bueltatu nintzen. Eta ni Lizarragara begira, gurdia noiz abiatuko zain, ni eskapatzeko". Esan duenez, "orain ongi bizi naiz, baina nire bizitza tristea izan da, tristea!" Ama gazte hil zitzaion eta "beti lanean, besterik ez dut egin". Etxean lan egin ondoren, Iruñean, Donostian eta Urritzolan zerbitzatzen aritu zen. "Urritzolan nahiko lan egiten soroan. Han ibiltzen nintzen, kontentu. Nire bizitza horrela joan da. Orain kontentu nago, besteek egiten baitituzte lanak! Hala bizi daiteke".

Esan duenez, nobioetan "tratu gutxi" izan zuen senarrarekin. Leiho azpira joaten zitzaiola eta hitz gutxi batzuk esaten zizkiola azaldu du. "Sei seme-alaba, dozena bat iloba eta bederatzi birbiloba ditut. Amiñak denetarik du". Agorrilaren hasieran urteak eginen ditu, "ez dakit etxekoak gonbidatuko ditudan. Modua baldin badut... Baina familian hainbeste izanda, ez gara etxean kabituko". Mendea bete zuelako, familia guztiak parte hartu zuen joan zen urtean plazan egindako ospakizunean, baita lizerratarrek ere. Esan duenez, "jende askorekin egotea ohituta dago". Eta "pixka bat kasu eginda, amiña segi aurrera!"