1. Errotan bizi zineten?
Bizi guztia han bizi izan naiz, handik inora mugitu gabe, Atondora ezkondu arte.
2. Zer ehotzen zenuten?
Garia, garagarra, oloa, artoa… ekartzen zutena. Dena. Ez gernuen argindarra sortzeko erabiltzen.
3. Errota erabiltzeari noiz utzi zitzaion?
Nekazari guztiek traktore-errotatxoa izan zutenean. Praktikoagoa zitzaien ez mugitzea eta halako errotatxoa erostea, orduan ez zuten asko balio. Errotara etortzeari askok utzi zioten. 1985-1990 urtera izan zen. Ordura arte ni ehotzen egon nintzen.
4. Etxe azpian urarendako kanala, ezta?
Bai. Beti urarekin egon behar du. Hark mugitzen du turbina. Lo egiterakoan ura ez da entzuten.
5. Eta uholdeak aurreikusten ziren egunetan zein neurri hartzen zenituzten?
Normalean, ibai ertzean geundenei, ubeldea zetorrela, aurretik Guardia Civilak abisatzen zigun. Beheko solairua tresnez hustu; bestela, ura sartzean haiek mugitu eta paretak jotzen zituztelako. Goiko solairura, etxebizitzara, edo beste etxe batera eramaten genituen. Azienda pareko etxean genuen. Ura haraino iristea ez dut ezagutu.
Ezagutu dudan azken uholdean urari bizi ginen solairura iristeko eskailera maila bat besterik ez zitzaion faltatu, esku bat. 3 metro pasako ur altuera errota barruan. Eskailerak eta errotaren altuerak ziren gure adierazleak. Errotan uholde guztien arrastoak daude.
6. Eta halakoetan zer egiten zenuten?
Nik ez nuen beldurrik. Etxean gelditzen nintzen. Amak batzuetan pareko etxera joateko esaten zuen, “egoera lazten ari da”, esaten zuen. Berehala baretuko, geldituko zela esaten nion. Kasualitatez hala izaten zen. Urari ez nion beldurrik. Jaki eta sutarako egur ugari izaten genuen. Argi mozketarik ere ez zen izaten.
7. Uholde handirik?
Azkeneko handia, ni ez nintzen bizi, 1953an izan zen. Uholdeak Errozko eta Anozko zubiak eraman zituen. Gure etxearen erdia ere. Gainontzeko etxeek ez zuten kalterik izan. Gure etxea aurrenekoa da, uharkaren izkina du bertan. Errepide gainetik ur maila metro eta erdi gorago zihoan. Ama, ezkongabea orduan, 29 urte zituen eta osabekin bizi zen. Errotatik pareko etxera pasatzeko, ate batetik bestera soka bat lotu, eta osabak pasa zituen. Ur maila jaitsi arte han egon ziren. Ibaia gauez hazi zen. Goizean hazita zegoen eta arratsalderako emaria jaitsi zen. Bat-batean joaten da. Baina arrastoa utzi zuen.
8. Nola berreraiki zuten errota?
Ahal zuten moduan. Orduan ez zegoen inolako diru-laguntzarik. Ezer ez. Izan diren uholde guztietan uharkan kalteak izan dira. Enbor handiak gelditzen dira. Hara joan eta kendu egin behar dituzu. Uharka zatiak hausten dituzte eta berregin behar da. Guk egiten genuen, uharka gurea da. Beraz, uholdeak pasa ondoren errota eta uharka nola dauden begiratzen dut.
1994an beste uholde handi bat izan zen. Orduan ere ia igerian pasa behar izan genuen. Autoaren atearen erdi-aldera arte iristen zen ur maila. Errotz isolatuta gelditu zen.
9. Auzokideak elkar gaztigatzen zenuten, ezta?
Bai. Errotan urak zein maila zuen galdetzen zuten eta horren arabera zekiten gora igo edo etxetik atera behar zuten. Tarteka uraren mailak zenbat igo zen gaztigatzen genien. Kasualitatez orain arte ez da larrialdirik izan.
10. Uholdeen maiztasuna, lehen orain baino gehiago?
Lehen maizago zirela esanen nuke. Euri eta elur gehiago egiten zuen lehen. Astelehenean haurren bila joaten nintzen eta esan zidaten Errotz eta Izurdiaga artean errepidea moztuta zegoela esan zidaten. Atondon erreferentzia batzuk ditut eta ibaia zein altuera duen dakit. Nik beti bezala ikusten dut. Baina honetan eragina izan du Izurdiagan egin duten errotondak, ibaiari asko jan diote, inbutua egiten du. Errotzen beste arazo bat dago: zubira sartu aurretik, ezkerrean, ibai mailatik oso gora igotako lur-sail txiki bat dago. Karel handia egin zuten. Horrek guztiak geldiarazten du ura. Hori da Errozko ubeldea. Naturarekin eta ibaiarekin elkar-bizi behar dugu. Ibaiak bere ibilgua du. Mantendu eta zaindu egin behar da.
11. Errotarekin zerbait egiteko asmorik?
Denborarekin, zeinek daki.