Kontzejuak hainbat lan egitea aurreikusi du

Guaixe 2018ko uzt. 3a, 09:59

Pareta bat indartzea, eskola zaharreko teilatua konpontzea eta led argiak jartzea.

San Babil kalean, elizaren parean dagoen horma bat egoera txarrean zegoen eta duela bi urte hura indartu zuten. Lanen bigarren eta azken fasea aurten eginen du Errozko Kontzejuak. Bestetik, eskola zaharrak etxebizitza gisa alokatuta ditu kontzejuak. Baina aurten egindako euri guztiak agerian utzi du teilatuak itajura ugari dituela,  maizterrak gaztigatu ondoren hura konponduko dute.

Kontzejuko buru Sergio Altuna Garrok azaldu digunez, Nafarroako Gobernuaren erabilera askeko diruarekin, 21.842 euro, heldu den urtean argiteria publikoan led argiak jarri nahiko lituzkete. Bestetik, Altunak azaldu digunez, garai batean elkartea izandako eraikineko teilatua duela 7 bat urte kaxkarrak bota zuen eta hura noizbait konpondu nahiko lukete. 150.000 euro beharko lirateke horretarako. Bitartean, udaleko langileek hilerriko gorputegiko teilatua kenduko dute aurten, "erortzeko arriskuan baitago". Langile horiek berak herrian hainbat garbiketa lan eta sasiak kentzeaz arduratuko dira.