"Pertsona arrunten istorio txikiena ere bada unibertsala"

Guaixe 2018ko urr. 19a, 12:57
Patxi Bisquert aktorea 'Oreina' filmaren une batean. TXINTXUA

Patxi Bisquert aktoreak 'Oreina' filmean Jose Ramon pertsonaiaren papera egin du. Tasio pertsonaiarekin antzekotasun handiak dituela dio. Martxotik Errotzen bizi da

Donostiako Zinemeladian aurkeztu zuten Oreina filma. Kritika onak jaso zituen eta Euskal Zinemaren Irizar sarioa jaso zuen. Koldo Almandoz da Oreina filmaren zuzendaria eta argi zeukan Patxi Bisquert aktorea nahi zuela Jose Ramon pertsonaiaren papera interpretatzeko. Bisquert kasualitatez hasi zen interpretazioaren munduan eta kasualitatez iritsi da ere Arakilera.

Zer da Oreina?
Ibai filma deskribatu genezake. Ibai baten inguruan kokatzen da istorioa. Oria ibaiaren paduran, hain zuzen ere. Eguneroko mareagora eta mareabehera aldi horretan pertsonaia batzuen bizimodua azaltzen da. Bi anai daude, nire pertsonaia, Jose Ramon, anai bat da eta bestea, Martin, Ramon Agirrek egiten duena. Etxe berberean bizi dira baina kanpotik bi mundu bezala daudela ikusten da. Alde bat oso apainduta dago eta beste abandonatuta. Bi anaia horien bidezko metafora bat da. Saharatik etorritako mutiko bat ere badago. Ez du bere burua etorkintzat jotzen oso txikia zenean etorri zelako eta eskolan euskara ikasi zuelako. Baina jendeak gaztelaniaz hitz egiten dio, etorkintzat hartzen dute. Basozain bat ere ba dago, baita bertakoa den neska bat baina alde egin nahi duena. Bost pertsonai hauen istorioa da. Inguru horretan dagoen dibertsitatea erakutsi nahi du.

Paisaiak, beraz, garrantzia handia dauka.
Beste protagonista bat da. Padura ikusten dugunean errepidetik ikusten dugu, kotxez joaten garela. Batzuk bai estropadetarako entrenatzen aritzen dira, baina gehienek ikusten dugu kanpotik, pasadaz. Pelikula honek paduraren barena nolakoa den eraskuten digu. Padurako biztanleendako ere gauza bitxia izango da padura barrutik ezagutzea. Sorpresa handia izango da. Ondo ezagutzeko aukera ederra da. Animali basatiak ere askotan ateratzen dira filmean. Hiri handi batetik bost edo hamar minututara dago pasai hau, oso basatia dena.

Bi mundu kontrajarriak erakusten ditu pelikulak.
Dibertsitatea da gaia. Bai jendearen aldetik, bai padura geografikoki duen dibertsitatearen aldetik.. Gizakioi dagokigunez pentsamoldeetan ere dibertsitatea ikusten da. Pelikulak oso ongi egiten duen gauza bat da asko iradokitzen duela. Eta ez ditu gauzak ixten. Ez da horrela dira gauzak eta horrela erakusten dugu. Jendea bere buruan pelikula osatzen joango da. Oso aspektu garrantzitsua da hori.

Ikusten dena baino gehiago esaten du.
Askoz gehiago, bai. Gauza asko iradokitzen ditu. Sentsibilitate handiarekin kontatuta dago, hitz gutxirekin asko esaten dute irudiek. Aktoreen keinuak eta begiradak nahikoak dira gauzak esateko, eta isiltasunak ere asko adierazten du.

Nolakoa da Jose Ramon, zure pertsonaia?
Gidoia lehen aldiz irakurri nuenean duela 30 urte egin nuen pelikula batekin antzekotasun handiak ikusi nizkion: Tasio. Gaur egun kokatzen da, baina antzekotasunak handiak dira. Pertsonaia isileko ehiztaria da, askatasun grina duen pertsonaia...

Nondik dator Tasio filmarekiko antzekotasuna?
Zuzendariarekin hizketan esan zidan seguruenik XXI. mendeko Tasio ikusiko genuela pertsonaia honetan. Tasio markatu zion pelikula izan zela dio Almandozek. Estreinatu zenean haurra zen, eta pelikula horrek asko esan ziola dio. Zinema eskolan hasi zenean pelikula hori zetorkion burura. Ikasketak amaitu zituenean padura horretatik pasatzen zen eta etxe hori ikusten zuen, eta, gainera, oso ongi konpontzen ez ziren bi anaia ezagutzen zituen. Horrekin istorioa egiten hasi zen, eta Tasio-ren gogorapen batzuk etorri zitzaizkion. Gidoia osatu zuenean argi zeukan pertsonaia hori ni izango nintzela. Beste pertsonaien aktorea ez zuen ikusten, baina nire pertsonaia bai. Eta horrela izan zen. Ni pozik.

Tasio-rekin antzekotasunak dituenez, errazagoa izan da pertsonaia prestatzea?
Pentsatzen dut baietz, baina beste gauza asko kontuan izan behar dira. Istorioa ez da hain berdina. Ni eroso sentitzen naiz horrelako pertsonaiekin nire bizimoduarekin zerikusi handi dutelako. Gertukoagoak sentitzen ditut. Baina, nahiz eta gertukoagoak izan, ez dakit errazago den pertsonai horiek eraikitzea. Norberaren burua interpretatzea ere, esaterako, ez da batere erraza. Patxi Bisquerten papera egiten nuen antzezlan bat egin nuen, eta ez zen batere erraza izan.

Tasio izan zen zure lehenengo protagonista. Baina aktore kasualitatez bihurtu zinen.
Aukera izan nuen. Gasteizko lantoki batean lan egiten nuen garai horretan, 1981ean. Donostiatik deitu zidaten eta casating batean parte hartzeko esan zidaten. Nik ez nekien casting bat ere zer zen. Pelikula bat egin nahi zutela esan zidaten, eta nirekin harremanetan jarri nahi zutela. Eta joan nintzen. Segoviako ihesa filma egin nahi zutela jakin nuen han, eta Imanol Uribe zuzendariak aktore profesionalak ez ezik ihesa benetan bizitutakoak ere nahi zituen. Niri interesatzen zitzaidan bakarra istorio hori kontatzea zen. Banekien bizitutako hori kontatzeak eta jendeak ezagutzeak merezi zuela. Proba egin nuen eta hartu ninduten. Ekoizlearengana joateko esan zidaten soldata negoziatu behar genuelako, baina ez nekien ordainduko zidaten. Zinemaldian estreinatu genuen. Ondoren lanaz aldatu nuen, granja bat jarri nuen Zalduondon, eta handik gutxira ekoizleak, Angel Amigok deitu zidan berriz Albaniaren konkista egin nahi zutela. Nik esan nion ezin nuela animaliek egunero jaten zutelako, baina azkenean langabezian zegoen anaia konbentzitu nuen. Albaniaren konkista bukatuta Akelarre etorri zen eta ondoren Tasio-rako proba egiteko deitu ninduten... Horrela sartu zidaten kate honetan.

Talentoa izango da.
Hori pentsatuko zuen baten batek. Horrek aukera eman zidan lan berri bat egiteko. Egia esan ez nuen espero horrelako bizitza izatea. Lantoki batean erretiratu arte lan egingo nuela pentsatzen nuen. 14 urterekin hasi nintzen lantokian, eta nire bizimodua hori izango zela uste nuen. Baina bizitzak buelta asko ematen ditu.

Errotzen bizi zara. Nola iritsi zinen Arakilera?
Denbora luzez hiri handian bizi izan naiz. Txikitan herri txiki batean bizi nintzen, baserrian mendiz eta Txingudiko badiaz inguratuta. Hamabi urtekin Eibarrera eraman ninduten. Zulo bat. Sei urtez bizi izan nintzen Eibarren. Handik Gasteizera joan nintzen. Gasteizera joan nintzenean 1970ko hamarkadan Eibar baino pixka bat handiagoa zen Gasteiz. Baina 30 urtez bizi izan nintzen han eta handitzen ikusi dut. Galizian ere bizitzen egon ninten, baita Zalduendon eta Elosun ere. Mardilen ere bizi izan naiz. Galiziara joan nintenean erabaki nuen ez nintzela hirira joango. Beraz, Euskal Herrira etortzea erabaki nuenean, orain dela lau urte inguru, nire bizitza herri txiki batean kokatzea erabaki nuen. Larraunera joan nintzen, eta bailaraz besterik ez dut aldatu. Larraun Madotzen aldatzen da eta orain Arakilen nago. Martxoan etorri ginen hona. Etxe bat bilatzen denbora luzez aritu ginen. Euskal Herria bizi nahi nuen, berdin zitzaidan non. Baina, azkenean hemen aurkitu genuen etxea.

Idazlea ere bazara.
Gauza batzuk idatzi ditut. Galizian bizi nintzenean hainbat dokumental egin nituen, baita fikziozko istorioren bat ere. Hainbat gidoi ere idatzi ditut. 2012an Txalapartarekin eleberri txiki bat argitaratu nuen Arrosa izenburukoa. Idazteko ohitura badut, bai. Denetik egin behar dugu mundu ho netan.

Zergatik ikusi Oreina?
Azken urteetan ikusi dudan pelikula onenetarikoa delako. Eta pelikula asko ikusten ditut. Pelikula sugerentea da, asko iradokitzen du eta sentsibilitate handiarekin egin da. Izugarrizko paisaiak ditu eta aktoreak oso ongi gaude. Zuzendari berri baten lana da, baina zinemaren esentzietara itzuli da. Zinema irudiekin kontatzen da, irudiak kontatu behar du istorioa. Eta hemen irudiekin kontatzen da. Esaterako nire pertsonaiak Khalil-i kontatzen dio espetxean egon dela, baina ez du arrazoia aipatzen. Ikusleak jakin behar duen bakarra da zer eragin dion espetxean egon izana. Horrela adibide asko jarriko nitzuke. Oraindik ez diot bakar bati entzun pelikula ez zaiola gustatu. Kursaalean aurkezpena egin genuenean jendearen begietan, begiradan, ikusten zen. Ez bakarrik ikus-entzule arruntetan, adituen aurpegietan ere ikusten zen. Tasio-ren aurkezpenarekin lotura egin nuen nik. Pelikula txikia zela ematen zuen, oso umila, baina aurkeztu genuenean Mexiko D.F. eta Buenos Airesko kazetariak etorri zitzaizkigun eskerrak ematera. Istorioak ondo kontatzen badira, pertsona arrunten istorio txikiena bada ere unibertsala da. Pertsona guztien barnean badagoelako lurrarekiko lotura hori, askatasun grina.

Sentimenduak unibertsalak dira.
Zer istorio kontatzen da Tasio-n? Gizona da, ikazkina, bere bizitzan ez du ezer interesgarririk egin. Pelikulak ez du efektu berezi handirik eta ez dago puntako aktorerik. Baina iristen den istorioa da. Iristen da oso ondo kontatuta dagoelako, oso ongi egina dagoelako eta jendeari bihotzean sartzen zaiolako. Film bat txikia eta umila dela esaten dutenean, ikusleek egiten dute handi pelikula hori. Ateratzen direnean ahoz aho komentatzen dutenean. Eta Oreinarekin Tasio-rekin izan nituen sentsazio berdinak ditut.

Etorkizunerako proiekturik baduzu?
Pedro Maria Otañoren bizitzari buruzko film bat egin nahi dut. Zazpi urte daramat proiektu honekin eta diru-laguntzak eskatzen ari naiz orain. Kontatu beharreko istorio bat dela iruditzen zait, izan ere, belaunaldi berriek ez dute ezagutzen Otaño.

Azkenean gustatu zitzaizun aktore izatea.
Aktore izatea asko gustatzen zait. Gehien gustatzen zaidana da gidoia hartzen dudan momentutik azken filmaldi egun arte. Lan prestakuntza hori. Hortik aurrerako gauzak ez zaizkit bereziki gustatzen. Baina Oreina bezalako pelikula batekin gustura egiten dut promozioa.