Kontzeju-etxeari errepasoa

Guaixe 2019ko aza. 11a, 10:22
Kontzeju-etxea berrikuntzen ondoren. Utzitakoa.

Teiladura eta fatxadako pintura berritu da.

Errozko kontzeju etxea garai bateko eskolen eraikinean dago. Haren gainean etxebizitza bat du, alokatuta dagoena. Errozko Kontzejuak joan den urtetik bazekien teilatuak itajurak zituela eta, horregatik, teilatua berritu du. Lanak duela bi aste despeditu zituzten kisusgileek. Horrekin batera, kontzeju etxeko fatxada ere margotu egin dute. Lan horiek Nafarroako Gobernuak emandako erabilera askeko funtseko 21.842,27 euroekin ordaindu dira. Ez dira izan Errozko Kontzejuak aurten egin dituen lan bakarrak. Izan ere, agorrilean ospatzen dituzten festetarako argiteria publikoko bonbillak LED argiekin ordezkatu zituzten. Lanek 23.225 euroko aurrekontua izan dute. Haietatik 10.668 euro Toki Administrazio Departamentuaren Finantza aldetik  Jasangarriak diren Inbertsioen funtsetik jaso zituen Errozko Kontzejuak.  

Bestetik, plazan dagoen Oskia taberna itxi berri da, hura alokatuta zutenek Arruazuko ostatua hartu dutelako. Sergio Altuna Garro kontzeju-buruak esan digunez, lehenbailehen alokatu nahiko lukete taberna. Izan ere, taberna itxita, elkarterik ere ez du Errotzek. Duela zortzi bat urte elkartea hartzen zuen eraikineko teiladura erori egin zen. “Hura konpontzeko dirutza behar da eta pixkanaka egiteko dirulaguntzak beharko ditugu”, argitu digu Altunak.