Dagoeneko hogei bat herritan aurkeztuko du proiektua, eta bi urtetan 150 herri bisitatu nahi ditu. Ekoizleak herritarrak izanen direla esan du aktoreak.
1. Zer da 'Ombuaren itzala'?
Film luze bat izango da. Pello Mari Otaño bertsolari eta poeta zizurkildarrari buruz hitz egingo du. Bere bizitza eta bere hitza azalduko dugu. Batez ere bere obraren bitartez Euskal Herriko eta Argentinako oso une garrantzitsuak aztertuko ditugu. Bera bietan ibili zen. Hiru astetan Argentinan grabatuko dugu eta bi astez hemen, Euskal Herrian.
2. Zergatik izen hori?
Ombua Argentinako zuhaixka bat da. Baina izugarrizko handiak egiten dira. Hemengo haritzak bezalakoak egiten dira. Nostalgia bideratzeko askotan erabiltzen zuen ombua Otañok, eta ombu horrek eramaten zion bere errekaldeko baserrira; hango intxaurrondoa gogoratzen du ombua ikusten duenean. Bi zuhaitz horiekin jokatuz transfigurazio bat egiten du.
3. Nor zen Otaño? Zergatik berari buruzko film bat egin?
Zizurkilen jaio zen 1857an eta Argentinan 1910ean hil zen bertsolaria eta poeta. Ez dira garai horietako inguruko pelikula asko egin, nik dakidanez, Euskal Herrian. Ez da gai hori asko jorratu. Sabino Aranari buruzko pelikula bat egin zuten, gutxi gorabehera garai horiek direla. Oso urte garrantzitsuak izan ziren ideia berriak sortzen hasi zirelako; bai sozialistak bai abertzaletasun berria. Foruak desagertzearekin Euskal Herriko ekonomia eta dena hankaz gora zegoen eta gazteek erbesterako bidea hartu zuten, Ameriketara joateko behartuak zeuden. IdeiA berriak behar ziren horri aurre egiteko. Txirritak horrelako hausnarketa bat egiten dio Pello Mari Otañori. Guk sekuentzia batean hori azaltzen dugu: egoerari aurre egiteko ideia berriak beharrezkoak direla; gauza berriak asmatu beharko ditugu esaten dio Txirritak. Orduan, guzti hori transmititu nahi dugu. Ez da oso ezaguna, eta oso garrantzitsua izan zen.
4. Proiektua auzolanean sortuko duzue. Ez dira garai onenak horrelako apustu bat egiteko.
Erraza ez da. Baina bestela zer? Ez nuen beste aukerarik. Ate asko jo ditut urte hauetan. Duela hamar bat urte hasi nintzen Koldori esaten zer edo zer idazten hasteko. Hamar urte pasa dira. Denbora asko da, eta ate asko jo ditugu. Ni ez naiz proiektuak atzean uzten dituzten horietakoa. Nik proiektu honetan sinisten dut, sinismen osoa daukat. Nik badakit gure gizartean eta gure kulturgintzan Pello Mari Otañoren itzala ere handia dela. Miresmen askorekin entzun ditut hari buruz hizketan urte hauetan, eta nik horri kasu egin behar diot. Gauzak beste modu batera egiten baditugu, auzolan honetan egiten baditugu, bi urtetan aterako dugu. Armairu batean uzten bagenuen gidoia… ausartak izan eta aurrera. Herrian konfiantza osoa eduki eta eragile onak inguruan izan. Hor ditugu bertsozale elkarteak, ikastolen federakuntza, saretu eskola publikoak… eta denon artean, herrigintzan, aterako dugu aurrera. Momentuz hogei bat herritan egon gara, eta bi urte hauetan 150 herritara iritsiko gara. Hori da gure asmoa, herrigintzan denon artean aurrera aterako dugu. Aldi berean, gauza ona da bi urte hauetan izugarrizko pedagogia egingo dugulako Otañori buruz. Herri eta hedabide guztietan ari da zabaltzen Pedro Mari Otaño. Guk nahi genuena zen Pedro Mari Otaño belaunaldi berriei eskaini eta ahaztuetatik atera. Hori da gure helburua eta hori ari gara egiten nahiz eta pelikula errodatzen hasi ez. Nolabait Pedro Mari Otaño berpizten ari gara.
5. Horrelako beste proiekturen batean hain barruraino sartu?
Hain sakonago, ez. Orain arte kontratatu nauten filmak egin ditut. Galiziara bizitzera joan nintzen eta bertan produktora txiki hau sortu nuen. Beti egin ditut nire lanak, baina lan txikiak ziren. Orain ari gara aktore profesionalak, tekniko profesionalak, ekipo osoa… gauza oso desberdina da. Ekoizleak herritarrak izango dira, sarrerak erosiz edo mezenasgoaren bitartez. Baina lan guztia nik bideratuko dut, eta nire apustua izan da. Zinemako ibilbide luze honetan esperientzia hartu dut. Talde polita sortu dugu eta gauza politak egiteko gai gara. Beste motibazio batekin egiten dira gauzak.
6. Mezenasgoaren bidez egingo duzu. Zer esan nahi du horrek?
Hemen, Nafarroan, mezenasgo legera aurkeztu gara. Beste lurraldeetan ere prestatzen ari gara. Azaroaren 30erako aurkeztu behar zen, eta gu aurkeztu gara. Erantzunak erortzear egon behar du. Enpresek edo norbanakoek orri bat sinatu behar dute eta ez dute poltsikotik dirurik atera behar. Haiek bideratzen dute ekarpena desgrabazio fiskalaren bitartez. Orduan, hainbeste ordaindu behar diote haziendari eta haziendak hortik portzentaje bat bideratzen du gure proiekturako. Bide ona da. Jende askok egin dezake. Azken aste hauetan Tuteran, Lizarran eta Garesen egon gara eta hireutan nahiko banatu ditugu. Gure kultura eta zinea gustatzen bazaie, laguntzeko modu bat da.
7. Sarrerak aurretik erosteko aukera ere badago.
Erabaki dugu 30.000 sarrera saltzea. Euskal Herriko populazioaren arabera. 10 euroko prezioa dute. Modu sinbolikoan izango da. Pentsatzen dut helburu hori beteko dugula. Ikastoletako eta eskoletako gurasoen elkarteen bidez saltzen ari gara, liburutegietan, aretoetan… Izugarrizko lana egiten ari gara. Lortuko dugu. Modu batera edo bestera parte hartzen dutenek errekonozimendua izango dute, eta auzolankide bakoitzak oparitxoa jasoko du. Pamielarekin liburutxo bat prestatzen ari gara, eta beste opari batzuk ere izango dira.
8. Zein da aurrekontua?
Gure asmoa da sarrerekin 300.000 jasotzea eta mezenasgoaren bidez 450.000. Aurrekontu osoa 750.000 euro lirateke. Hori izango da aurrekontua. Diru asko ematen du, baina film baterako txikia da. Parte hartu nuen azkenengo pelikulak, Oreinak, 1.200.000 euro kostatu zuen, eta hemen egiten diren filmen aurrekontuak antzekoak izaten dira. Orduan, 750.000 euro film luze baterako oso kopuru txikia da. Gainera, Argentinan eta hemen grabatuko dugu. Garaiko istorio bat da, eta horrek ere garestitu egiten du pixka bat. Ekipo txikiarekin grabatuko dugu, eta inork ez du hitzarmenetik gora. Bai teknikoen bai aktoreen soldata izanen da.
9. Noiz hasiko zarete grabatzen? Zein da prozesua?
Prestatzen hasteko, lokalizazioak bilatzeko eta grabaketak egiteko ere udan Argentinara joan nahi dugu. Eta ahal dugun guztia grabatuta ekarri nahi dugu. Gehienbat kanpoko eszenak direnak. Hori egiteko aurrekontuaren zati bat gutxienez beharko genuke, hori guztia grabatzeko. Horretarako bost edo sei hilabete falta dira, horregatik tarte honetan beharrezkoa zaigu ahal dugun sarrera gehien saltzea. Aurtengo kanpaina honetan ekainerako mezenasgoarena ez da oraindik iritsiko. Ondoren, irudi horiek auzolanaren bigarren txanpan erabili nahi ditugu. Orain lehenengo txanpan gaude, eta bigarrenean pentsatu nahi dut pandemiarekin hobe egongo garela eta ikastolen jaietan eta zirkuitu horietan eskaini ahalko dugu. ETB-ra ere bidaliko genituzke. Hortaz, bost hilabete hauetan ahalik eta sarrera gehien saldu behar ditugu. Aurtengoa hortik aterako dugu. Egia esan jendea oso ondo portatzen ari da.
10. Taldea osatuta dago? Castinga egina dago?
Ez. Pertsonai pila bat dago. Paper txikiak izango dira gehienbat, egun batekoak. Hirurogei bat pertsona azalduko dira. Hasiko gara. Lehenengo castinga Argentinatik etorrita egingo genuke. Pertsonai batzuk erabakita daude: Otañoren emaztea, laguntzailea, Txirrita… Baina asko falta dira. Ekipo teknikoarekin antzeko zerbait gertatzen da.
11. Helburua filma 2022ko Zinemaldia aurkeztea da.
Bai. Lehenago egina egongo dela pentsatzen dugu. Komertzialki eta zinema aretoetan zabaldu aurretik, herriz herri joango gara eta auzolankideak izango dira ikusiko duten lehenengoak. Sarrerak erosi dituztenak edo mezenasgoan parte hartu dutenak. Gero komertzialki estreinatuko dugu filma.