Errozko Kontzejuak alokairurako bi etxebizitza eginen ditu

Guaixe 2024ko mai. 20a, 09:00

Etxe txikia bota eginen du kontzejuak San Migel kalea zabalagoa egiteko. ERROZKO KONTZEJUA

San Migel kalean dagoen etxe bat bota eginen du herrirako sarbidea zabalagoa izan dadin.

San Migel kalearen lehen zenbakidun etxea, NA-7010 errepidearen ertzean dagoen eraikina guztiz eraberritu nahi du Errozko Kontzejuak. Garai batean elkartea hartu zuen eraikin hori gaur egun utzita dago eta erabat hondatu aurretik esku hartzea erabaki du kontzejuak, eta, bide batez, herriko arkitektura ondarea babestuko du. Eskuartean duen egitasmoaren arabera, beheko solairuan azpiegiturendako tokia eta bi garaje leudeke. Lehen solairuak eta ganbarak, berriz, duplex erako bi etxebizitza hartuko ditu. Hori horrela izateko etxearen paretak 45 cm altxatuko dituzte ganbaran. Eraikina erdibituta egonen da, etxe bana izanda iparraldera eta hegoaldera. Aurrenekoak 109,3 metro karratuko azalera erabilgarria izanen ditu eta atzenekoak, berriz, 112,1. 

Lanak egiterakoan etxearen fatxadak eta egurrezko egituraren zati bat mantenduko dira. Teilatua berriki konpondu zenez, teilak berrerabiltzen saiatuko dira. Leihoak handitu eginen dira egungo baldintzetara egokitzeko. Eginen dituen bi etxebizitza horiek alokatzeko asmoa du Errozko Kontzejuak, horrela gazteek herrian gelditzeko aukera gehiago izan ditzaten. Kontzejuak dagoeneko alokatutako beste etxe bat du, eskolak hartu zituen eraikinean hain zuzen ere. 

Obra hori egiteaz aparte, Errozko Kontzejuak iragarri du aipatu etxeari perpendikularki itsasia dagoen etxetxoa bota eginen duela, San Migel kaleko 3 zenbakiduna hain zuzen ere. Aipatutako lehen etxearen ondoren jaso zuten eta ez du arkitektura ikuspegitik interesik. Eraikin hori botatzeko arrazoia da errepidetik herrigunera igotzen den kaleak bost metroko zabalera badu ere, etxe horren parean estutu egiten da eta metro bat estuagoa da. Eraikin hori botata, Errozko Kontzejuak herri sarrerako irisgarritasuna hobetu nahi du. Gainera, eraikina botata, bi etxebizitzen sarreraren ondoan, auto pare bat aparkatzeko plazak eginen dira. Horiek kaletik hesi batek bereiztuko ditu. 

Bi lan horiek emateko Errozko Kontzejuak lanak emateko deialdia egin du. Lanek 388.808,33 euroko aurrekontua dute (BEZ barne). Obra egiten interesa duen enpresak bere eskaintzak maiatzaren 30eko 23:30era arte aurkez ditzake. Kontratua bere egiten duen enpresak lanak despeditzeko hamasei hilabete izanen ditu.  

Ikasten
Lanak finantzatzeko kontzejuak Nafarroako Gobernuaren 60.000 euroko dirulaguntza jaso du. Eta udalaren laguntzaz beste bat tramitatzen ari da. Arakilek Lehentasunezko Birgaitze Eremu izendapena eskuratu zuen. Horren ondorioz, eraikinak zaharberritzeko lanetarako askoz ere dirulaguntza gehiago lor ditzake. Horretarako, Etxebizitza Departamentuan Esku hartze Publikoko Proiektua aurkeztu du. Berriki jarri da indarrean figura hori eta Errozkoa da Nafarroan aurkeztu den horrelako bigarren egitasmoa. Nola bideratu aztertzen aritu dira bi aldeak, bi aldeendako dirulaguntzak eskatzeko modu berria baita.