Astekaria

Alokairurako bi etxebizitza eraikitzen

Guaixe 2025ko eka. 23a, 09:00

Kontzejua berritzen ari den etxea. ARTXIBOA

Errozko Kontzejua bere jabetzakoa zen eraikin bat berritzen ari da eta han bi duplex eginen ditu, alokairura bideratuko dituenak. Foru administrazioaren dirulaguntzen bidez aurrekontuaren ia %74 ordainduko du.

Gazteek herrian bizitzeko aukera izan dezaten, Errozko Kontzejuak bere jabetzako eraikin bat berritzea eta alokairurako bi etxebizitza egitea erabaki zuen. Ilbeltzaz geroztik lanean ari dira kisusgileak Errozko Kontzejuak San Migel kaleko lehenengo zenbakian duen eraikinean. NA-7010 errepidearen ertzean dago eraikin hori eta garai batean herriko elkartearen egoitza izan zen. Erabat utzita zegoen eraikinean bi etxebizitza eraikitzen ari da Servicios Inserlantxo SM enpresa. Lanak 2026ko maiatzerako despeditzea aurreikusten da. Obrak 353.462,12 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Errozko Kontzejuak horiek finantzatzeko Nafarroako Gobernuaren bi dirulaguntza eskuratu ditu. Alde batetik, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusitik 200.265,60 euro. Eta, bestetik, Lurralde Kohesiorako Departamendutik 2023-2025 Toki Inbertsio Planetik 60.000 euro, haietatik 39.000 euro joan zen urtean jaso zituen eta aurten gainontzeko 21.000 euroak. Beraz, Errozko Kontzejuak gobernuaren dirulaguntzen bidez lanen aurrekontuaren %73,63 ordainduko du. Kontzejuaren ekarpena 93.196,52 eurokoa izanen da. 

Arakilgo Udalak ibarrerako Lehentasunezko Birgaitze Eremu izendapena lortu zuen 2022an. Nafarroako Gobernuaren izendapen horrek etxebizitzak zaharberritu behar dituzten arakildarrek eta kontzejuek foru administraziotik dirulaguntza handiagoa lor dezakete. Arakilek jasotako izendapen hori baliatuta, Errozko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari eskatu zion Esku-hartze Publikoko Proiektu bat garatzea. Haren bidez, Errozko Kontzejuak bi etxebizitzak egiteko dirulaguntza eskuratu nahi zuen. Legearen arabera aurrekontuaren %60ra arteko dirulaguntza jaso daiteke. Nafarroan tramitatu zen bigarren Esku-hartze Publikoko Proiektua izan zen Errozkoa. Beraz, aurrekari gutxirekin, aurrera egin zuen Errozko Kontzejuak baita dirulaguntza lortu ere. 

Egitekoak
Etxeari perpendikularki itsatsia dagoen San Migel kaleko 3. zenbakiko etxea bota egin zuten. Horrela, errepidetik herrigunera doan kalean zegoen estutze unea kendu zuten, 5 metroko zabaleran utzi kale guztia. Horrekin batera, zaharberritzen ari diren eraikinaren parean aparkatzeko bi plaza sortuko dituzte. 

Etxeari dagokionez, beheko solairuan azpiegiturendako tokia eta bi garaje egonen dira. Lehen solairuak eta ganbarak, berriz, duplex erako bi etxebizitza hartuko ditu. Horretarako etxearen paretak 45 cm altxatu dituzte ganbaran. Eraikina erdibituta egonen da, etxe bana izanda iparraldera eta hegoaldera. Aurrenekoak 109,3 metro karratuko azalera erabilgarria izanen ditu eta atzenekoak, berriz, 112,1. 

Gehiago
Aipatu eraikuntza lana ez da Errotzen egiten ari den bakarra. Ostagorri SM enpresa Errotzen hegoaldean bi etxebizitza familiabakar eraikitzen ari da. Hirigintza arauek hiru eraikuntza egiteko aukera ematen zuten, baina ibaia gertu dagoenez, eta uholde arriskua handia denez, hirigintza aprobetxamendu guztia ezin da gauzatu. 

Erroztik Oskiara daraman NA-7010 errepidearen azken etxearen ondoren, Lizarra kalera perpendikularki, 95 bat metroko luzera duen kale berri bat egin da. Etxebizitzak 3.397 m2-ko azalera duen unitate batean eraikitzen ari dira. Haietatik 2.358 m2 etxebizitzendako izanen dira, 650 m2 kalerako; kale horretan ibilgailuendako gutxienez hiru aparkaleku eginen dira. Eta gainontzeko 389 m2-ak berdegune izanen dira. Azken hori trenbidearen aldamenean dago.