Bezperan ezkila errepika izan zen eta etxajuak bota zituzten ia gauerdira arte. 1926ko apirilaren 11n, igandearekin, Errozko eskola, irakaslearendako etxea eta frontoia musteko ekitaldia egin zen. Horretarako, eraikinetan edergarriak zintzilikatu zituzten. Eskolako balkoietan Espainiako banderaren koloreak zituzten oihalak jarri zituzten, eta fatxadaren goiko aldean bandera. Eguna ilun eta euritsua esnatu bazen ere, kanpotik etorritako jende ugari elkartu zen Errotzen.
Felipe Echalecu apaizak meza eman zuen 10:00etan. Ondoren elizatik eskolara eta frontoira prozesioan joan ziren. Segizioaren buruan haurrak zeuden, bi ilaratan eta banderatxoak eskuetan zituztela joan ziren, Irene Larragueta de Garcia irakaslearekin batera. Haiekin batera, segizioan agintariak, apaiza herriko gurutzearekin eta jende ugari joan zen. Agintarien artean zeuden Jose Saralegui alkatea, Hezkuntzako inspektore buru Eladio Garcia, probintziako arkitekto Manuel Ruiz de la Torre eta eskola distritua osatzen zuten herrietako alkateak ere izan ziren: Izurdiagako Benito Echeverria eta Urritzolako Florentino Astiz. Jose Roldan Bidaburu argazkilaria ere Iruñetik Errotzera joan zen.

Frontoia mustutzeko partida. JOSE ROLDAN BIDABURU. IRUÑEKO UDALA.
Ekitaldia
Behin eraikinera iritsita, apaizak eskola bedeinkatu zuen eta haurrek mustutzeari buruzko kantu bat abestu zuten. Apaizak hitza hartu eta eskolaren esanahia eta helburuak zein diren azaldu zituen. Echalecuk adierazi zuenez, hezkuntza eta erlijio instrukzioak osagarriak zirela. Gaineratu zuenez, aspaldidanik eliza bat ireki zen tokietan eskola bat sortu zela, bata bestearengandik ezin zelako bereizi. Apaizak gurasoei dei egin zien haurrak eskolara joan gabe ez uzteko, "bertan hezten delako gizon osoa eta sainduen zura prestatzen delako. Haietatik atera dira Patriari hainbeste loria eman dioten Franco anaiak, Ruiz de Alda, Duran eta Rada".
Garciak hitza hartu zuen ondoren. Errozko herriak eskola eta irakaslearendako etxea eraikitzeko egindako ahalegina goraipatu zuen. Erroz-Izurdiagako distrituko irakaslea omendu zuen merezimenduzko lana egiteagatik. Errozko, Izurdiagako eta Urritzolako familia eta haur guztiak bertan zeudela baliatuta, Garciak Cervantesen bizitza eta obrari buruzko "herri ikasgaia" eman zuen. Ordu eta erdiz aritu zen gaiaren inguruan hizketan. Azkenik, haurrak ikastearen garrantzia azpimarratu zuen. Garciak Errozko herriak egindako ahalegina berretsi, Errotzerako irakasle bat lortzeko ahalegina eginen zuela adierazi eta Errozendako eta arkitektoarendako txalo joz bukatu zuen. Ekitaldian zeudenak txalo egin zuten.
Ondoren, Esteban Jerezen ostatuan bazkaria izan zen 13:30ean. Mahaiaren buruan apaiza, inspektorea eta alkatea zeuden. Mahaira eserita aldameneko herrietako eta Errozko familia guztietako ordezkariak zeuden. Xanpain botila zabaltzean Errozko oparotasunaren alde topa egin zuten.
Ospakizuna borobiltzeko, arratsaldean, pilota partida jokatu zuten Iberoko Iturrek eta Ochoak Irurtzungo Aldaz eta Errozko Zarranzen kontra. Ikusle ugari izan ziren. Partidan bi ordu zeramatenean euritan hasi zen eta partida bertan behera utzi behar izan zuten. Partidan zazpina jokotara berdinduta zeuden eta eta partidaren ia erdia jokatzekoa zuten oraindik.