Santi Pesquera eta Gorka Santesteban domina olinpiarraren bila

Guaixe 2008ko irailaren 5a

Ia bi aste pasa dira Joko Olinpiadak amaitu zirenetik, baina Txinako hiriburua kirolariz lepo dago oraindik. Izan ere bihar emanen diete hasiera Paralinpiar Jokoei Mundu bat, amets bat leloarekin. Bertan izanen da, besteak beste, Santi Pesquera, bocciako jokalari handia eta bere ondoan izanen du Etxarrengo Gorka Santesteban. Hilaren 16ra bitartean Pekinen izanen dituzte begiak mundu osoko kirolzaleek. Ez da lehen olinpiada Santi Pesquerarendako. Urrutira joan gabe, Atenasko olinpiadetan bi zilarrezko domina irabazi zituen, taldeka bat eta banaka bestea. Urtean egindako markak ikusita, aurten ere dominen lehian sartzea du helburu iruindarrak. Bere entrenatzaile eta laguntzaile Gorka Santestebanen laguntzarik ez du faltan izanen.