Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lau Paralinpiar Jokotan lau zilarrezko domina eta urrezko bat irabazi ditu Santi Pesquerak: Banakako urrezko domina eta binakako zilarrezkoa Sydney-ko Jokoetan, 2000 urtean; zilarrezko dominak banaka eta binakakoan Atenasko Jokoetan, 2004ean; eta, joan zen ostiralean lortutakoari esker, zilarrezkoa binakakoan Pekingo Jokoetan. Etxarrengo Gorka Santestebanekin prestatu ditu azken olinpiada hauek.Boccian jokatzen du Santi Pesquerak, petankaren antzeko jokoan. BC3 kategorian lehiatzen da iruindarra, garun-paralitikoei dagokien kategorian. Kirolariek kanaleta moduko batetik behera bidaltzen dute bola, kopetan kokatutako antenarekin bultzatuta. Lau Paralinpiar Jokoen ondoren, Santi Pesquera bocciako estratega paregabea da eta, beste behin ere, agerian utzi du hori Pekinen.Final gogorraBanakako finaletik kanpo geratu ondoren, gogotsu ekin zioten joan zen ostiraletan binakako finalari. Baina arerio gogorrak zituzten Santiago Pesquerak, Yolanda Martinek eta Txema Rodriguezek Pekingo Jokoetako bocciako binakako finalean: lehen kanporaketetan talde guztien artean nagusitu ziren korearrak. "Izugarri igo da kirol honen maila eta kontu handia eduki behar da asiarrekin" adierazi zuen Pesquerak 2008ko Jokoekin lehen hartu-emana izan ondoren. Bete betean eman zuen.8-1 nagusitu ziren korearrak, baina "aldeak ez da partidan ikusitakoaren adierazle" zioten teknikariek amaieran "partidu ona egin dute gureek, txapelketa guztiko onena". Teknikoki hobeak izan ez arren, korearrak hobe egokitu ziren bola eta kanaletara eta horrek eman zien, antza, garaipena.Pesqueraren azken Jokoak ote?Azkenean, 8-1 korearren alde eta ospakizun handia kantxan... galtzaileen ospakizuna! Hiru kirolariek, Martin, Rodríguez eta Pesquerak teknikariekin batera ospatu zuten zilarrezko domina, tartean. Modu honetan agurtu nahi izan zuten Gorka Santestebanek eta bere kideek Pesquera. Izan ere maila goreneko txapelketei agur esanen diela iragarri du iruindarrak. "Astean bost egun, bost ordu... Asko da" adierazi du boccialari handiak.Aurrerago argituko da hori. Orain argi dagoena da, gaur gaurkoan, Santi Pesqueraren mailako boccialari gutxi dagoela munduan.