Ongi etorria txapeldunei

Guaixe 2008ko irailaren 22a

Joan zen ostiral arratsaldean ohi baino mugimendu handiagoa zegoen Noaingo aireportu lasaian. 20 minutuko atzerapenarekin iristear zegoen hegazkinak bi txapeldun handi zekartzan bere barruan: Santi Pesquera boccialari olinpikoa eta haren entrenatzaile Gorka Santesteban etxarrendarra. Biek zain zituzten familia eta lagunak, txapeldun olinpikoei dagokien ongi etorria emateko prest. Aupa hi! TxapeldunakSanti Pesquera eta Gorka Santesteban aireportuan sartzearekin batera hasi zen festa. "Aupa hi! Txapeldunak" zioen lagunen pankarta handiak. Kirolaria eta haren entrenatzailearen ohorezko aurreskua ere ez zen falta izan. Eta, amaitzeko, lore sorta eta txapel bana bakoitzarendako. Boccialariak eta entrenatzaileak hunkituta eskertu zuten lagunen keinua. Emaitzaz harroLaugarren olinpiada zuen hau Santi Pesquerak. Dagoeneko 3 zilarrezko domina zituen palmaresean, Sydneyko Paralinpiar Jokoetan taldeka lortutakoa eta Atenasen banaka eta taldeka lortutakoak. "Pekinen Atenasko marka errepikatzea nuen helburu" adierazi zuen Santi Pesquerak "baina harro nago lortutako emaitzarekin". Gorka Santesteban etxarrendarraren esanetan, "kirolariarena da meritu guztia. Ni kanaletaren zati bat gehiago naiz, besterik ez" adierazi zuen. Santi Pesquerarendako bereziak ziren 2008ko jokoak, bertan despeditu baititu goi mailako txapelketak. Hala ere ez du boccia alde batera utziko. "Txikiei boccia klaseak eman eta entrenatzea nahi nuke" esan zuen iruindarrak. Esperientzia ederraSanti Pesquera olinpiadetan aditua bada ere, Gorka Santestebanendako hauek ziren lehenengo Jokoak. Santi Pesquera entrenatzen dituen bi urte eta erdian goi mailako txapelketa askotan egon da eta "haien antzekoak" iruditu zaizkio olinpiadak "Hori bai, Paralinpiar Jokoek oihartzun handiagoa dute" esan zuen. Jokoen antolakuntzaren inguruan adierazi du, hiri olinpiarrean primeran egon zirela eta antolatzaileen primerako tratua jaso dutela. Hala ere, gehitu du ia ezin zirela bertatik atera, "hiria ez zegoen gutxitu fisikoendako egokitua" azaldu zuen.