Pekingo Olinpiar Jokoetan lehiatu diren kirolari eta teknikariei harrera egin die Sanzek

Guaixe 2008ko irailaren 24a

Atzo Nafarroako presidente Migel Sanzek harrera egin zien Pekingo Olinpiar Jokoetan eta Olinpiar Joko Berezietan parte hartu zuten kirolari eta teknikari nafarrei, Nafarroako Jauregian. Ekitaldian, Sanzez gain, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko kontseilari Maria Isabel Garcia Malo eta Nafarroako Kirol Instituko zuzendari Javier Esparza ere izan ziren. Pekingo Jokoetan aritu diren kirolari nafarrak hurrengoak dira: Sandra Gómez (zilarrezko domina, igeriketa egokitua, 100 metro bular igeriketa), Santiago Pesquera (zilarrezko domina, boccia egokitua, bikote mistoak, BC3), Laura García (zazpigarren postua, judo egokitua, 48 kilotik beherakoak), Lara González (gimnasia erritmikoko taldeko kidea) eta Bárbara González (gimnasia erritmikoko taldeko kidea). Eta haiekin aritu diren teknikariak, ondokoak: Etxarrengo Gorka Santesteban (Santiago Pesqueraren laguntzailea), Tomás Esparza (IPCko -International Paralympic Committee- 7ko Futboleko sailkatzailea eta Nafarroako Kirol Egokituen Federazioko presidentea), Juan Carlos Barcos (Nazioarteko Judo Federazioko arbitrajeko zuzendaria eta Espainiako Judo Federazioko presidentea) eta Carmelo Paniagua (ordezkaria Nafarroan eta Espainiako Olinpiar Batzordeko kidea).Sanz presidenteak zorionak eta esker ona helarazi dizkie kirolari eta teknikariei, "euren parte-hartzea oso ona izan delako", eta eskerrak eman dizkie euren lanarengatik eta ahaleginarengatik. Eskerrak eman ditu, bereziki, Olinpiar Joko Berezietako atletak oztopoak gainditzeko moduaren eredu direlako, eta gainerakoak, kiroltasunez aritzen direlako. Bestalde, Miguel Indurain Fundazioak egiten duen lana ere kontuan hartu nahi izan du Miguel Sanzek. Fundazioaren bultzatzaileetako bat Nafarroako Gobernua da, eta haren xedea eliteko kirolariei sostengua ematea da.Jarraian, Sanz presidenteak opari bana eman die kirolari eta teknikariei, "Pacto" izeneko eskultura, Jokoetako parte-hartzearen oroigarri gisa.Nafarroako 2008ko Kirolari Onena Sarira izendatuaGorka Santestebanek jakinarazi digu Santi Pesquera Nafarroako 2008ko Kirolari Onena Sarira izendatu dutela. Harekin batera izendatu dituzte Mikel Zabaltza mendigoizalea, Javi Eseberri areto futboleko jokalaria eta Manuel Almunia futbolaria. Nesken artean, Andrea Barno eskubaloilaria, Barbara eta Lara Gonzalez gimnastak, Carlota Ziganda golf jokalaria eta Sandra Gomez igerilari paralinpikoa izendatu dituzte. Hau da Nafarroako Gobernuak kirolariei ematen dien saririk handiena. Irailaren 30era arte kirolariak bozkatzeko aukera dago www.navarra.es helbidean.Santi kontentu egotea, Gorkaren helburuGorka Santestebanek Patxi Urrestarazu etxarriarraren tokia hartu zuen Santi Pesqueraren prestatzaile lanetan. Santik besoak mugitzen ditu baina pastizidade handia duenez, ez ditu kontrolatzen. Lepoa, aldiz, oso ongi mugitzen du. Hortaz petanka antzeko jokoa den boccian aritzeko kanaleta erabiltzen du, bolak bertatik botatzeko. Santiren entrenamendu guztiak eramaten ditu eta bere laguntzailea da. Partidetan berarekin egoten da, Santik agindutakoa egiten: bola bota ahal izateko kanaleta eskuinean edo ezkerrean jartzen... eta ondoren Pesquera atenditzen du: handik ona eraman, janaria eman, garbiketa, logela... dena. Gorka Santesteban mutiko umila da, meritu guztia Santi Pesquerari ematen dio. "Santi pozik ikustea zen nire helburua, eta une hauetan ere Patxi Urrestarazu dut buruan, bera izan baitzen proiektu honen sortzailea eta Santirekin 12 urtez aritu zen ni hemen hasi baino lehen. Eta ongi atera da dena. Nazioarte mailan boccian aritzeak ate asko zabaldu dizkio Santiri, maila sozialean, kulturalean eta baita lagun berriak egitean ere" nabarmendu zuen Etxarrengo entrenatzaileak. Santestebanek gaineratu zuen oso inportantea izan zela Pekingo Jokoetan bocciako sarrera guztiak saldu izana, horrek kirolariei morala asko igotzen dielako "eta are gehiago boccian, oso kirol ezezaguna baita. Jokoak heldu eta bat-batean telebistan ateratzen gara, baina hori ez da horrela, atzetik lau urteko lan gogorra baitago postua lortzeko".