Konponketak pilotalekuan

Guaixe 2008ko abenduaren 29a

Etxarrengo Kontzejua berritze lanak egiten ari da Aranburu pilotalekuan. Teilatuak aspaldi zuen konponketa baten premia eta horretan ari dira. Itajurek sortutako putzuak han aritzea arriskutsu bihurtu zuen. Irristatzeak eta ipurdikoak zetozen horren ondorioz. Teiladurarekin batera, komunak eraberritzen ari dira. Zegoen zeramika guztia kendu eta berria jartzearekin batera dutxen gunea handitu egin dute. Horretarako zeuden komunetako bat kendu eta gelditu dena irisgarritasun irizpideekin egokitu dute, komuna guztia bezala. Horretaz gain, komuneko leihoak ere aldatu egin dituzte. Aranburu pilotalekuak kolore biziagoak ere izanen ditu, bai kanpotik bai barrutik margotu dutelako. Lan batzuk auzolanean egin dituzte herritarrek. Hala ere lanek 90.000 euroko aurrekontua dute. Etxarrengo Kontzejuak 27.000 euro bideratu ditu gastuak estaltzeko, gainontzekoa Nafarroako Kirol Institutuak ordainduko du. Lan hori egin eta gero Etxarrengo Kontzejuak hilerrian zenbait konponketa egin nahi lituzke, baita kontzeju-etxearen teilatuan ere.