Frontoia, berria balitz bezala

Guaixe 2009ko apirilaren 21a

Larunbat eguerdian mustu ziren Aranburu pilotalekuan egindako lanak. Etxarrendarrak presente zeudela berriztapen lanen mustutzean kontzejuko buru Goio Santesteban, Arakilgo Alkate Javier Lazkoz, Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Anjel Zubiria eta Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari Jose Javier Esparza eta erakunde bereko Azpiegitura Zerbitzuko Jose Ramon Santesteban izan ziren. Bildutakoek egindako lanak ikusi eta otamena dastatzeko aukera izan zuten. Ondoren, konponketa lanen mustutzea borobiltzeko pilota eskolako Etxarren eta Irurtzungo pilotariak elkarrekin neurtu ziren. Frontoi berrituak atseden gutxi izan zuen, larunbat arratsaldean bertan GRAVN txapelketako Araba eta Nafarroaren arteko partidak jokatu baitziren. Jardunaldiko ohorezko sakea Espainiako txapela lortu berri duen Jose Javier Zabaleta gazte etxarrendarrak egin zuen. ErabileraGoio Santesteban kontzeju-buruak jakinarazi digunez, pilota eskolako ikasleek erabiltzeaz gain, soinketa egiten duten emakumeek ere erabiltzen dute pilotalekua. Horretaz gain, larunbatean bertan Sakanako Mankomunitateko ordezkariekin harremanetan izan zen eta pilotalekua ongi dagoela jakinik han ere ekitaldiak programatzeko aukera ez omen zuten baztertu. Bestalde, Etxarrengo Kontzejuak Nafarroako Kirol Institutuarekin lankidetza hitzarmena sinatu du, erakunde nafarrak herriko pilotalekuan ezer programatu nahi izanez gero horretarako aukera izan dezan. LanakTeilatuan zeuden itajurak kendu, komunak guztiz eraberritu eta irisgarritasun irizpideekin egokitu eta bai kanpotik bai barrutik margotu dute. Lanek 90.475,35 euroko aurrekontua izan zuten. Etxarrengo Kontzejuak gastuari aurre egiteko mailegua eskatu behar izan du, nahiz eta Nafarroako Kirol Institutuaren 54.285,21 euroko laguntza izan. Etxarrendarrek zenbait auzolan ere egin behar izan dituzte, lan aurreratu eta merkatzeko.