Zabaleta debutatzeko prest

Guaixe 2010eko abenduaren 30a

Jose Javier Zabaleta etxarrendarrak Errege Egunean, ilbeltzaren 6an debutatuko du Aspe enpresarekin, Eibarko Astelenan antolatutako jaialdian. Egia esan goi mailako jaialdia antolatu dio Aspek bere debuterako. Juan Martinez de Irujo izango du kide Zabaletak, eta kontrarioak ere puntakoak izanen dira: Titin eta Laskurain. Jaialdia ETB1ek eskainiko du zuzenean, eta Eibarrera gerturatzerik ez dutenek, etxean lasai-lasai jarraitu ahal izango dute Sakanako pilotari profesionalaren debuta. Egun handi horren zain dago Jose Javier Zabaleta, pozik eta ilusionatuta. Etapa berria hasteko prest dago, baina pena apur bat ematen dio afizionatuen maila atzean uztea. Izan ere, afizionatuetan ibilbide bikaina egin du 19 urteko etxarrendarrak. Txikitatik Irurtzun taldean aritu da, orain arte. Txapelketa ugari irabazi ditu, atzerrian ibili da jokatzen - tartean aurtengo Paueko Pilota Mundialetan aritu zen, garaipena lortuaz - eta puntako afizionatua izan da. Etxarrenen bere bizilagunak kontentu daude gaztearen debutarekin. Eta baita Arakilen eta Irurtzunen ere. Etxarrengo kontzeju buru Goio Santestebanek azaldu digunez, autobusa antolatu dute debutera joan ahal izateko. Izena eman nahi duenak Arakilgo Udala hots egin beharko du (948 500 101). Horretaz gain, pilota partidarako sarrerak erreserbatu nahi dituenak Aspe enpresako 661 259 009 telefonora hots egin beharko du. Jose Javier Zabaletarekin hiru dira gaur egun profesional mailan dabiltzan Sakanako pilotariak, hirurak Aspe enpresakoak: lesionatua dagoen eta ilbeltzaren 4an ebakuntza egingo dioten Aitor Zubieta atzelari etxarriarra, Satrustegiko Alberto Ongay aurrelaria, eta ilbeltzean debutuko duen Jose Javier Zabaleta. GERTUTIKJose Javier Zabaleta, pilotariaIlbeltzaren 6an Eibarko Astelenan antolatutako jaialdian debutatuko duzu. Ilusionatuta?Asko. Gertuko eta herriko guztiak gertuago izan dezaten akaso egokiagoa zen debuta Labriten izatea, baina Astelenan izango da eta kontentu nago, oso frontoi polita delako. Luxuzko bikotea jarri dizute gainera, Juan Martinez de Irujo.Bai, ezin nahiz kexatu. Errespetu handia ematen dit Irujorekin aritzea. Gainera Titin eta Laskurain izango ditugu kontrario. Jaialdi bikaina prestatu didate, luxuzkoa. Gainera, ETB 1ek zuzenean eskainiko du. Urduri zaude?Orain arte ez, baina astelehen gauean pentsatzen hasi eta zer edo zer urduri jarri nintzen. Beno, zerbait sentitzea ere ez dago gaizki. Zenbat urterako sinatu duzu Asperekin?Hiru urteko kontratua egin didate eta oso pozik nago. Lehendik aurre kontratua nuen eurekin eta kontratua sinatzea espero nuen, baina hiru urterako izateak asko poztu nau. Buru belarri ariko naiz pilotan, elektrizitate moduluko ikasketak bukatu nituelako. Orain arte Irurtzun taldean aritu zara eta afizionatuetan palmares bikaina duzu. Txiki-txikitatik hasi nintzen, 6 urterekin edo. Palmaresarena... ezin naiz kexatu. Aurten Munduko Pilota Txapelketan aritu nintzen, Pauen, eta irabazi egin genuen. Esperientzia ona izan zen, eta, igual, inportanteena. Eta gero txapelketa askotan aritu naiz. Baina niretzat oso polita izan zen 2008ko iraileko azken asteburuko 19 ordutan hiru txapelketa irabazi nituena, Leitzako torneoa, Amezketako Josean Tolosa Torneoa eta Lodosakoa.  Afizionatuak kategoriari agur esateko irrikitan?Pozik nago profesionala izango naizelako baina egia esan pena ematen dit afizionatuen maila uztea. Duela gutxi afizionatuen mailako Nafarroako pilotari askok afaria egin genuen, oso harreman ona baitugu, eta pentsatzen jarrita pena ematen zidan kategoria uztea. Ildo honetan Odei Iturriozen heriotza sekulako zaplaztekoa izan da. Laguna nuen eta pena izugarria eman dit. Atzelaria zara. Nola definituko zenuke zure jokoa?Gehienbat jotzailea naiz, bi eskuekin. Gainera, segurtasunean irabazi dut. Zure eguneroko bizitza asko aldatuko da hemendik aurrera?Ez dut uste. Iruñean jarraituko dut entrenatzen Aspekoekin, Etxanizekin eta beste, eta astero bitan edo hirutan fisikoa egitera joango naiz Tolosara, Justo Lillorekin. Zein da zure idoloa?Barriola. Lesiotik osatu da eta jo ta ke ari da berriro. Debut egunerako aholkurik eman al dizute?Bueno... txolloa bukatu zaidala. Orain arte aurrekontratua nuen eta afizionatuetan gehiegizko ardurarik gabe nenbilen, baina orain ardura handiagoa izango dut, eta lana eta lana egitea tokatuko zait. Gogotsu nago. Arakildik autobusa antolatu da herritarrak Eibarko Astelenera joateko, eta ilusio handia omen dago zure debutarekin. Zer deritzozu?Ilusio asko ematen dit. Esan didate batzuk autobuserako apuntatu direla, eta asko pozten nau. Errege eguna izanda ez da akaso egun aproposena, baina beno. Familiako ia gehienak hurbilduko dira Eibarrera eta kontentu nago.