Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Profesional mailako beste pilotari bat dugu Sakanan, Etxarren Arakilgo Jose Javier Zabaleta. Errege egunean debutatu zuen Eibarko Astelenan, autobusez eta kotxez bertara hurbildutako ehun zale baino gehiagoren aurrean, eta primeran debutatu, Titinekin bikotea osatuta Aritz Lasa eta Pascual 22-12 menpean hartu baitzituzten. Hasiera batean Irujorekin jokatu behar zuen Zabaletak, baina azkenean Titin izan zen bere bikoa. ETB1ek eskaini zuen partida eta oso jarraitua izan zen, bereziki Arakil aldean. "Badirudi mutiko hauek ikasita etortzen direla" adierazi zuen Titinek partida bukatuta. Eta arrazoi guztia zuen, bere debutean sekulako maila eman baitzuen Zabaletak. Nerbioak alde batera utzi eta ongi jokatu zuen, kalitate handiko jokaldiak eginez. Asko espero zen berataz, eta espero zuena eskaini zuen Jose Javierrek. Izugarri lan egin zuen eta defentsan bikain egon zen. Etorkizun handiko pilotaria, ea hemendik aurrera garaipen gehiago etortzen diren.