Zabaletak Barriola ordezkatuko du Eskuz Binakakoan

Guaixe 2011ko martxoaren 7a

Abel Barriolaren ezker eskua nahiko justua dago, eta horretatik leitzarrak baja hartu du jardunaldi honetarako. Eta bere tokia Etxarrengo Jose Javier Zabaletak hartuko du. Asperekin debutatu berri duen atzelariarendako primerako aukera izango da hau. Binakako Txapelketan, hau da, goi mailan itxura ona ematen badu ate asko zabalduko zaizkio. Partida zailari aurre egin beharko dio Zabaletak. Yves Salaberri "Xala" pilotariarekin osatuko du bikoa Etxarrengoak, eta Aimar Olaizola eta Beginoren kontra aritu beharko dute. Partida gaur arratsaldean jokatuko da inauterietan murgilduta dagoen Tolosan. Xala eta Barriola finalerdietarako sailkatuta daude dagoeneko, baina horregatik partidak ez du emozio gutxiagorik izango, Aimar Olaizola eta Beginok finalerdietara sailkatzeko irabazi beharrean baitaude eta Xalak eta bereziki Zabaletak itxura ona eman nahi dutelako. Berria jakitean sorpresa hartu zuela aitortu du Zabaletak, baina ez duela aparteko presiorik nabaritzen. "Ahal dudan hoberen lan egiten saiatuko naiz, eta Xalak asko lagunduko nau" adierazi du Zabaletak. Ea itxura ona ematen duen.