Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jose Javier Zabaleta etxarrendarrak ez du nolanahi ahaztuko atzoko eguna. Gaur 20 urte bete ditu Etxarrengoak, eta opari polita jaso zuen atzo. Eskuz Binakakoan Barriola ordezkatu behar izan zuen atzo Tolosan, Xalarekin batera aritzeko. Aimar Olaizola eta Beginoren kontra lehiatu beharra zuten. Profesional mailan soilik 5 partida jokatuta erronka konplikatua zen Zabaletarendako. Barriola eta Xala finalerdietarako sailkatuta daude dagoeneko, eta Aimarrek eta Beginok irabazi beharra zuten zuzenean finalerdietara sailkatu ahal izateko. Horregatik, inork gutxik espero zuen Xalak eta Zabaletak irabaztea, baina sekulako ezustekoa eman eta 21-22 gailendu ziren Etxarrengoa eta Iparraldekoa. Zabaletak kunplitu zuen. Hasieran kosta egin zitzaion partidan sartzea, eta akats nabarmenak egin zituen. Gainera, Aimarrek aurreko koadroetan Xalaren kontra aritzeari muzin egin zion eta Zabaleta kargatzea izan zen bere hautua. Beginok ere helburu hori izan zuen, eta lan gogorra egin zuen, hustuta bukatzeraino. Akats asko egin zituen hasieran Zabaletak, baina Asegarceko bikoak bere kontra egindako jazarpena ongi agoantatu zuen, duintasun handiarekin. Gainera, Xalaren laguntza izan zuen eta behetik gora egin zuen Zabaletak. Nahiz eta finalerdietarako sailkatuta egon profesional handia da Xala, eta partida irabaztera atera zen eta sekulako lana egin zuen. Horrela, gora egin zuten Aspekoek eta 19ra berdintzea lortu zuten. 21era ere berdindu zuten, eta azkeneko tantoan Aimarren pilotakada kanpora joan zen. Txapelketan aurrera egiteko hurrengo lehian Titin eta Pascualen kontra irabazi beharrean daude Aimar eta Begino. Partida bukaeran kontentu zegoen Zabaleta. "Oso nekatuta bukatu dut bigarren zatia oso gogorra izan delako. Ahal nuen guztian laguntzera etorri naiz baina ez nuen irabaztea espero" adierazi zuen. Xalak nabarmendu zuen hasieran urduri zegoela Zabaleta, baina gero "oso ongi" egin duela lana.