Zabaleta: “Ostiraleko partida oso gogorra izango da. Irabazi beharrean gaude”

Guaixe 2014ko urtarrilaren 15a

Jose Jabier Zabaleta.
Finalerdietara sailkatzeko aukera izateko, ostiralean Bengoetxea eta Galarza irabazi beharean dira Ezkurdia eta Zabaleta

Ezkurdiak eta Zabaletak ere gaur aukeratuko dute materiala, Tolosako Beotibarren. Ostiral gauean jokatuko dute hurrengo jardunaldia, Oinatz Bengoetxea eta Ladis Galarzaren kontra. Biko sakandarrak ez du oraindik partidarik irabazi. Hasierako ligaxka bukatzeko 10 partida gelditzen dira oraindik, baina finalerdietan sartu nahi badute irabazi beharrean daude. Ildo honetan, Jose Javier Zabaletak gaur Berria egunkarian azaldu duenez “Finalerdietan sartzea zail edukiko dugula iruditzen zait, baina aukerak baditugu oraindik eta borrokatzen jarraitu behar dugu. Sailkatzeko, ostiralean derrigor irabazi beharra daukagu”.

Ostiraleko partida “oso gogorra” aurreikusten du Zabaletak. “Ondo jokatzera eta lasai atera behar dugu” gaineratu du. Bestetik, gaineratu du “Ezkurdia pilotari oso ona dela, eta gustura” dagoela berarekin. Zertan huts egiten duten galdetuta, ondokoa dio etxarrendarrak. “22ra iristea da gehien kostatzen zaiguna. Josebak, tantoa hobeto bukaten ikasi behar du, eta nik, pilota gutxiago galtzen”.