Udako torneoak atzean utzita, lau t´erdiko txapelketaren ordua iritsi da. Orain arte bi atariko jokatu dira, eta asteburu honetan lehen jardunaldia dago jokoan. Jose Javier Zabaletak kaiolan debutatuko du, atarikoan Mendizabal III.ari 22-18 irabazi dion Aritz Lasaren kontra. Partida igandean jokatuko da, Lekunberrin, 17:00etan, eta zuzenean jarraitu ahalko da ETB1-ean. Lehen jardunaldiko beste partidatan, Jaunarenak Olaetxea izango du aurkai, Albisuk Beroiz eta Arretxe II.ak Retegi Bi.
Lau t´erdian debutatzeagatik ilusionatuta dago Zabaleta. Asteazkeneko material aukeraketan azaldu zuenez, fisikoki eta eskuetatik ongi iritsi da lau t´erdira. “Inaxio Errandoneak txapelketan parte hartzeko aukeraren berri eman zidanean baiezkoa erantzun nion. Ilusio handia ematen dit. Egia esan, ez dut txapelketa behar bezala prestatzeko nahikoa denborarik izan, orain arte partida bat bestearen atzetik jokatu dudalako, baina ongi iristea espero dut” adierazi zuen Zabaletak.
Lehen jardunaldiko gainontzeko partidatan, Jaunarenak Olaetxea izango du aurkari, Albisuk Beroiz eta Arretxe II.ak Retegi Bi.
Distantziara egokitzeko zailtasunak
Partidara Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan lau t´erdiko 3 entrenamendu espezifiko egina helduko da Zabaleta. “Atzelariek lau t´erdian nahikoa arazo izaten ditugu, bereziki behetik hasten garenok. Distantziara egokitzea izugarri kostatzen zait. Sakea egiteko erraztasuna daukat, baina jokatzerakoan kokatzea eta tantoa bukatzea asko kostatzen zait. Ea entrenamenduekin hobetzen dudan” gaineratu du.
Etxarrengoa distantzia laburrean nola moldatzen den igandean ikusiko da. Dohainak baditu, baina Aritz Lasa aurrelariak esperientzia gehiago du kaiolan. “Lau t´erdian maila ona eman du urte askotan eta atarikoa irabaztetik dator. Konplikatua izango da, baina gauzak ahal den zailenak jarriko dizkiot” azpimarratu du Zabaletak. Material aukeraketan antzeko pilotak aukeratu zituzten bi pilotariek. Materiala aukeratzeko Fermin Eskuderoren laguntza izan zuen 23 urteko pilotari etxarrendarrak.
Ezkurdia zain
Lekunberriko norgehiagoka irabazten duenak, Jose Javier Zabaletak edo Aritz Lasak, Joseba Ezkurdia arbizuarra izango du zain 2. jardunaldian. Zabaleta eta Ezkurdia izango dira txapelketan ariko diren pilotari sakandarrak.
Azken bi urteetan arrakasta handia izan du lau t´erdiak eta sistema bera erabili dute enpresek. Bi jardunaldi jokatuko dira. Asteburu honetan jokatuko da lehena, eta irabazleek bigarrenean zain izanen dituzte Ezkurdia, Barriola, Xala eta Urrutikoetxea. Irabazleak final-laurdenetarako sailkatuko dira. Dagoeneko Olaizola II.a, Irujo, Saralegi eta Bengoetxea VI.a sailkatuta dude final-laurdenetarako, aurreko urtean finalerdiak jokatu zituztelako. Final-laurdenak liga sistema bidez erabakiko dira, eta finalerdiak, aldiz, kanporaketa zuzenaren bidez. Final handia abenduaren 7rako aurreikusia dago.