Lau t´erdian debutatu zuen igandean Jose Javier Zabaletak, bere bigarren etxean, Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan. Kaiolan aritzeko ilusioa zuela adierazi zuen etxarrendarrak aurreko astean, baina onartu zuen distantziara egokitzea oso zaila egiten ari zitzaiola eta udako torneo eta jaialdiak zirela medio, entrenatzeko nahikoa astirik ez zuela izan. Distantzia motzean esperientzia handia duen Aritz Lasa zuen aurkari. Gauza jakina da aurreko koadroetako txapelketan aurrelariak atzelariak baino hobeto moldatzen direla, eta horri Zabaletak txapelketa prestatzeko behar adina denborarik ez duela izan gehitzen bazaio, igandekoa gertatzen da: Lasa Zabaletaren gainetik pasa zela.
Jose Javier Zabaleta pilotari handia da. Atzelari bikaina, puntako jaialdietan programatzen dute eta 23 urterekin atzelari onenetakoa da. Baina lau t´erdiko debuta egiteko konfiantza nahikoa gabe atera zen, prestakuntza faltarekin. Etxarrendarra jakitun zen Aritz Lasak aurreko koadroetan esperientzia handia duela, aurretikoa irabaztetik zetorrela eta bera, aldiz, apenas entrenatu gabe iritsi zela. Hala ere, lehendabiziko tantoak gogorrak izan ziren, lehiatuak. Markagailuan 8-6 hurbildu zen Zabaleta. Baina berehala argi ikusi zen Lasa gehiago zela. Sakean bikaina da etxarrendarra, baina Lasak primeran erantzun zien Zabaletaren sakeei, eta, gainera, sakez 7 tanto egin zituen gipuzkoarrak. Presiorik gabe, konfiantzarekin aritu zen Aritz Lasa eta tanto bat bestearen atzetik egin zizkion Zabaletari. Aldiz, Zabaleta piloteoan ongi aritu zen, baina tantoak bukatzen ez zuen jakin. Partida hasieratik galdua atera zen kantxara Zabaleta. Bukaeran, 22-8 gailendu zen Aritz Lasa.
Zabaletak adierazi zuen lau t´erdia hobeto prestatzeko denborarik ez badu, ziurrenik ez duela gehiago parte hartuko kaiolan.
Ezkurdiarendako arerio gogorra izango da Lasa
Zabaleta irabazi eta gero, Aritz Lasa urretxuarrak Joseba Ezkurdia izango du aurkari lau t´erdiko txapelketako final zortzirenetan. Urretxuarra oso arerio gogorra izango da arbizuarrarendako. Ezkurdiak 2013an lau t´erdiko txapelketa bikaina egin zuen, eta finalerdietara sailkatzeko zorian egon zen. Hortaz, bi aurrelarien arteko lehia gogorra espero da ostiralean Altsasun.
Lekunberriko lau t´erdiko partidaren ondoren Irujok eta Rezustak 22-9 irabazi zieten Ezkurdiari eta Barriolari.