Zabaleta lesionatuta dago eta uda guztia galduko du

Guaixe 2015ko eka. 10a, 09:15
Zabaleta komunikabideei atenditzen, pilota aukeraketa batean.

Eskuin txorkatilako lesio batean ebakuntza egin diote

Jose Javier Zabaleta pilotariak uda guztia osatzen eman beharko du. Etxarrengo atzelariari ebakuntza egin behar izan diote, eskuin hankako txorkatilako tendoian kaltzifikazio bat zuelako. Pilotariak arazo hauek Binakako finalerdietako ligaxkatik dakartza, eta horregatik ere uko egin zion Buruz Burukoan aritzeari. Hilabete bat atseden hartzea erabaki zuen Zabaletak, baina ikusita arazoa ez zela konpontzen kirofanotik pasatu zen aurreko astean. Medikuek uste dute errehabilitazioan lau hilabete eman beharko dituela, eta, horregatik, udako torneo guztiak galduko ditu etxarrendarrak.

Zabaletak Aspeko web gunean adierazi duenez, oinazeak Binakako finalerdietako ligaxkan hasi ziren. “Oingainean oinazea sentitu nuen. Bendajearekin jokatu nuen baina oinazeak ez ziren joaten. Ezkurdiak eta biok ez genuen finalerako sailkatzea lortu eta oinazeekin jarraitzen nuenez, geldialdia egitea erabaki nuen” azaldu du pilotariak. Baina geldialdiak ez zuen arazoa konpondu eta kirofanotik pasatzea erabaki zuen Zabaletak. “Ostegun arratsaldean egin zidaten ebakuntza eta ongi atera da. Ostiralean eman zidaten alta. Ezin dut hanka lurrean jarri eta makuluak erabili behar ditut. Berehala mugikortasuneko ariketekin hasiko naiz eta medikuek esan didate hiruzpalau hilabete bajan egon beharko dudala” gaineratu du pilotariak.

Asperendako baja garrantzitsua da
Udan makina bat festibal egoten dira eta Zabaletaren baja ederki nabarituko du Aspek. Zabaletari ere pena ematen dio udako torneoetan ez aritzeak. “Pilotariei asko gustatzen zaizkigu udako torneoak eta festetako partidak. Baina nire helburua ongi errekuperatzea da, hurrengo denboraldia topera hasteko” azaldu du.