Zabaleta: “Lesioaren osatzea ongi doa!

Guaixe 2015ko uzt. 24a, 09:30

Hilabete pare batean frontoietara bueltatzea espero du Etxarrengo atzelariak

Ekainaren 4an egin zioten ebakuntza Etxarrengo Jose Javier Zabaleta pilotariari. Lesio konplikatua zuen eskuin hankako txorkatilan. “Txorkatilako ligamendu batzuk hautsita zeuden, tendoi bat partzialki apurtuta, txorkatilako hezur txiki batek ez zegokion tendoiari jotzen zion, sekulako oinazeak eraginez…” adierazi digu Zabaletak.

Atzelari etxarrendarra Ezkurdiarekin batera Binakako Txapelketa jokatzen ari zela, finalerdien aurreko astean hasi zen oinazeak nabaritzen, Jokin Etxanizekin entrenatzen ari zela. “Txorkatilan oinazeak sentitzen hasi nintzen, probak egin nituen eta txorkatilan nuen guztia atera zen. Medikuek esan zidaten aspaldiko kontua zela, lesio hori igual 14 urtetatik edo izango nuela, baina orain arte ez zidala minik eman. Lur jota geratu nintzen, halako lesioa Binakako finalerdietan geundela… Josebari lagundu nahi nion, biak txapela lortu nahi genuen… eta txorkatila ongi lotuta eta berotuta lortu nuen finalerdietako hiru partidak jokatzea. Lehena irabazi genuen eta beste biak oso gutxigatik galdu. Ahal genuena egin genuen: finalera sartzeko puntuan egon ginen baina ez genuen lortu, txapelketak ihes egin zigun” azaldu digu Zabaletak.

Horrela, ekainaren 4an egin zioten ebakuntza eta guztia ongi doala nabarmendu du Etxarrengoak. “Orkatila poliki-poliki badoa, orain arte os ongi joan da dena. Ez dut oinazerik eta azken aste honetan asko hobe nago. Beste ariketa batzuk egiten ari naiz, bizikletarekin hasi naiz, gomarekin ariketa berezi batzuk… Egunero noa Gasteizera ariketak egitera” azaldu digu. Zabaletak bi hilabetetan frontoietara itzultzea espero du. “Agorrilaren erdialdean pilota ukitzen hasiko naiz, eskuak egiten. Gogo asko ditut entrenatzen hasi eta frontoietara itzultzeko. Ia bi hilabete pasa dira, errekuperatzeko gutxiago falta da eta ea hau ere pasatzen den” aitortu digu. Helburua Binakako Txapelketarako %100ean egotea da. “Abendurako binakakorako ongi egon nahi dut. Atzera ere Josebarekin tokatzen bazait ea hirugarrenean lortzen dugun! Bestela, edozeinekin jokatuko dut gustura, guztiak lagunak baikara” gaineratu du.