Basurdea autobian harrapatua

Guaixe 2016ko urt. 11a, 14:34

Foruzaingoak jakinarazi duenez, auto batek basurde bat harrapatu zuen Sakanako Autobian (A-10), Etxarren parean. Autoan zihoazenak onik atera ziren. Igandean izan zen, 00:20an. Foruzaingotik gogorarazi dute, basurdeek gauean ibiltzeko joera dutela; “haien jarduna iluntzea baino pixka bat lehenago hasten da”. Foruzaingotik nabarmendu dute tamaina eta pisu handia izan dezaketela basurdeek eta aipatua bezalako istripuetan autoetan kalte handiak eragiten ditu, “ondorio larriagoak ez direnean”.

Gomendioa
Gidari batek basurde batekin topo eginez gero, Foruzaingotik autoko argi luzetik motzetara pasatzeko aholkatu dute; “itsualdiarekin norabidea galtzen baitute”. Istripua ezin bada eragotzi “hobe talka kontrolatua izatea, bolanteari ongi helduz, biratu gabe, eta balaztatuz”. Talkaren ondoren, Foruzaingotik gogorarazi dute txaleko islatzailea jantzi, hirukien laguntzaz istripua seinaleztatu eta 112 telefonora hots egin beharra dagoela. “Istripuaren berri ematea garrantzitsua da, nahiz eta kalte larririk ez izan”.