Zabaleta frontoira itzuliko da gaur

Guaixe 2016ko ots. 29a, 13:49

Tolosan, Elordi izango du bikotekide Etxarrengoak

11 hilabete frontoitik kanpo egon ondoren, azkenean kantxara itzultzeko ordua iritsi zaio Jose Javier Zabaleta pilotariari. Atzelari etxarrendarrak kalbario latza pasa du, tendoiko ebakuntzagatik, lehenik, eta berruga batek sortutako arazoengatik, bigarrenik.  Zorionez, arazoak atzean geratu dira eta gaur itzuliko da frontoira, Astelenako jaialdiko irekiera partida jokatuko baitu 17:00etatik aurrera. Zabaletak Elordi izanen du bikotekide eta Mendizabal III.aren eta Tolosaren kontra ariko dira.

Tendoia eta berruga
Jose Javier Zabaleta atzelariari 2015eko ekainaren 4an ebakuntza egin behar izan zioten eskuin hankako txorkatilako tendoian kaltzifikazio bat zuelako. Osatze eta errehabilitazio prozesua ongi joan zen, baina beste arazo bat sortu zitzaion Etxarrengoari: eskuin eskuan garatxo edo berruga bat atera zitzaion eta sekulako arazoak eman dizkio. Badirudi eskuan egin dizkioten tratamendu ezberdinak fruitua ematen ari direla eta Zabaletaren eskuin eskuak hobekuntza nabarmena izan duela. Horrela, gaur itzuliko da kantxetara.