Zabaletak Bilbokoa jantzi du

Guaixe 2016ko abu. 29a, 13:36

Argazkia: Aiol.

Elezkanorekin batera ezustea eman eta 15 eta 22 irabazi zieten Olaizola II.ari eta Untoriari

Aurreko urtean lesionatuta ibili zen Jose Javier Zabaleta pilotaria eta, tartean, udako torneo guztiak galdu zituen. Baina aurten gustura atera du arantza. Jokin Altuna, Altuna III.arekin bikotea osatuta, Gasteizko Andra Mari Zuriaren Torneoa irabazi zuen Zabaletak, Aimar Olaizolaren eta Alvaro Untoriaren gainetik pasa eta gero (22 eta 7), Aspekoek goitik behera dominatutako finalean. Etxarrengo atzelariak bere sentsazioak berreskuratu zituen eta sekulako lezioa eman zuen eta Altuna III.ak Andra Mari Zuria Torneoko pilotari onenaren saria jaso zuen. Bi bikoek Zarauzko Pilota Torneoko finalean elkar ikusi zuten berriz eta partida estu eta lehiatuan –9 aldiz berdindu zuten– azkenean 22 eta 18 gailendu ziren Olaizola eta Untoria, txapela jantziz.

Bilboko Torneorako bikotea aldatu zuen Zabaletak eta Elezkano izan zuen bidaide. Gauzak primeran joan zaizkie Aspekoei eta larunbatean jokatutako finalean, pronostiko guztien kontra, sorpresa eman eta txapela jantzi zuten Zabaletak eta Elezkanok, Olaizola II.ari eta Untoriari 15 eta 22 irabazi eta gero. Partidak aurrera egin ahala atzeko koadroetan Zabaleta nagusitzen joan zen eta egoera ongi probestu zuen Danel Elezkanok, tanto ederrak egin eta aurreko koadroetan gailentzeko. Asperekin estreinatu berri den zaratamoarra izan zen partidako onena.

Orain Donostiakoa lortzera
Horrela, udako torneoetako bigarren txapela jantzi du Zabaletak. Baina oraindik besteren bat ere janzteko aukera du. Izan ere, Donostiako Hiria Torneoan murgilduko da Etxarrengo atzelaria. Atzera ere Altuna III.arekin osatuko du bikoa sakandarrak. Torneoko lehen finalerdian Irribarriak eta Rezustak Olaizola II.a eta Beroiz izanen dituzte aurkari, gaur, agorrilaren 29an, astelehenean eta bigarren finalerdian Artola eta Albisuren kontra lehiatuko dira Altuna III.a eta Zabaleta, bihar, agorrilaren 30ean, asteartearekin (ETB 1, ntb). Finala irailaren 1ean jokatuko da, ostegunarekin (ETB1, ntb).

Asteburuan Lekeitiokoa
Donostiako torneoa bukatu bezain pronto, abiatuko da Lekeitioko Sanantolinetako Torneoa. Ia atsedenik hartu gabe, Zabaletak eta Irribarriak bikote ikusgarria osatuko dute. Ostiralean, Urrutikoetxea eta Larunbe izanen dituzte aurkari torneoko lehen finalerdian (ETB1, ntb). Bigarren finalerdia larunbatean jokatuko da eta Olaizola II.a eta Albisu Altuna III.aren eta Rezustaren kontra ariko da. Finala astelehenean jokatuko da (ETB1, ntb).