Zabaleta eta Altuna III.a Donostia Hiriako finalera

Guaixe 2016ko abu. 31a, 11:15

Olaizolaren eta Beroizen kontra jokatuko dute finala bihar, ostegunean, 22:00etan hasiko den jaialdian (ETB1, ntb)

Gasteiz, Zarautz eta Bilboko finalen ondoren beste final bat jokatuko du Jose Javier Zabaletak bihar,  Donostia Hiria Torneoko finala, hain zuzen. Finalerdian Artola eta Albisu bidean utzita (22 eta 18) sailkatu dira Altuna III.a eta Zabaleta finalerako. Beste finalean Irribarria eta Rezusta 20 eta 22 irabaztetik datozen Aimar Olaizola eta Mikel Beroiz izanen dituzte aurkari Atano III.a pilotalekuko finalean, 22:00etan hasiko den jaialdian (ETB1, ntb).

Altuna III.a-Zabaleta eta Artola-Albisu bikoen arteko finalerdia ez zen espero bezalako partida ikusgarria izan. Altuna III.ak eta Zabaletak ez zuten ongi jokatu baina egindakoa nahikoa izan zitzaien Artola eta Albisu bidean uzteko. Artolak 10 pilota galdu zituen eta Albisuk 9. Olaizola eta Beroizen kontra irabazteko hobeto aritu beharko dute Zabaletak eta Altunak.