Zabaleta eta Irribarria, ikusgarri

Guaixe 2016ko ira. 5a, 09:56

Lekeitioko final handia jokatuko dute gaur Altunaren eta Rezustaren kontra, 17:00etan hasiko den jaialdian (ETB1, ntb)

Bata bestearen atzetik dabil Jose Javier Zabaleta. Aurreko urteko udako torneo guztiak galdu zituen Etxarrengoak, lesioak zirela, baina aurten gustura ateratzen ari da arantza. Gasteiz, Bilbo eta Donostiako Hiria torneoak irabazi ondoren, gaur beste txapela bat lortzeko aukera du, Lekeitiokoa. Orain arte Altuna eta Elezkano bikote zituela lortu du torneoetan gailentzea, eta orain Irribarriarekin du aukera.

Ikusgarri aritu ziren ostiralean Irribarria eta Zabaleta Lekeitioko sanantolinetako finalerdian, Berasaluze II.aren eta Larunberen kontra. Tren baten moduan pasa ziren bizkaitarren gainetik. 42 minutu iraun zituen partidan Berasaluze eta Larunbe zer egin jakin gabe geratu ziren, Zabaletaren eta Irribarriaren bonbardeaketari nola aurre egin ezin jakin. Bikote oso indartsua osatzen dute Irribarriak eta Zabaletak, eta eguna alde dutenean, zer esanik ez. Larunbe jokoz kanpo uzten saiatu ziren biak, Berasaluze ekiditeko, eta ongi atera zitzaien. Ikusgarriak izan ziren Zabaletaren pilotakadak. Une onean jarraitzen du Etxarrengo atzelariak eta partidaren kontrola hartu zuen bere gain eta aurreko koadroetan Irribarriak pilota gozoak izan zituen lan egiteko. Bizkaitarrek ez zuten partida galdutzat eman eta gorriekiko zuten aldea txikitzea lortu zuten, baina hortik aurrera Irribarriak eta Zabaletak 22raino egin zuten zuzenean eta, azkenean, 22 eta 12 irabazita sailkatu ziren gaurko finalerako.

Irribarriak eta Zabaletak Olaizola eta Albisu 6 tantotan utzi zituzten Altuna III.aren eta Rezustaren kontra jokatuko dute finala, gaur, 17:00etan abiatuko den jaialdian. Nahiz eta katedrak akaso Irribarria eta Zabaleta faborito jo, bi bikoak sasoi bikainean iritsi dira finalera eta oso partida estua espero da. Ea Zabaletaren laugarrena iristen den.