Oraingoan ez

Guaixe 2016ko ira. 6a, 12:12

Irribarriak eta Zabaletak ezin izan zuten Lekeitioko torneoa irabazi, Altuna III.ak eta Rezustak 14 eta 22 irabazi baitzieten

Lekeitiokoa ez. Orain arte pilatutako torneoei –Gasteiz, Bilbo eta Donostia Hiria– Lekeitiokoa ezin izan die gehitu Jose Javier Zabaletak. Etxarrengo atzelaria Iker Irribarriarekin aritu zen finalean, Altuna III.a eta Rezusta arerio zituztela. Baina azkenaldian emandako maila bikaina ez zuen eman sakandarrak eta torneorik gabe geratu ziren bera eta Irribarria.

Hasieran parez pare aritu ziren bi bikoak, eta zazpira, zortzira eta hamarrera berdindu zuten bi bikoek. Baina hortik aurrera Altuna III.a eta Rezusta aldea ateratzen hasi ziren eta koska nabarmena egiteko aukera izan zuten. Atzeko koadroetan Zabaleta ez zebilen ohi duen bezain ongi. Hainbat pilota galdu zituen eta egoera bikain probestu zuen Jokin Altunak, mota guztietako tantoak egiteko. Irribarriak ere ez zuen ohiko distira. Horrela, azkenean 14 eta 22 galdu zuten gorriek. Zabaletak bere udako laugarren torneoa irabazteko aukera galdu zuen eta Irribarriak bere lehenengo torneoa irabazteko aukera, oraindik ez baitu irabazi udako torneoetan.

Gaur aurkeztuko dute Logroñoko San Mateo Torneoa, gure pilotarien hurrengo parada. Bitartean, ostegun honetan, Bermeon, Zabaleta atzera ere Altunarekin ariko da, Irribarriaren eta Barriolaren kontra. Eta hurrengo ostegunean, Altsasuko festetako bigarren egunean, elkarrekin lanean ikusiko ditugu Ezkurdia eta Zabaleta, Irribarria eta Zubieta aurkari dituztela.