Ilazki Martirena moda diseinatzaile etxarrendarra Iruñeko La Morea merkataritza gunearen diseinatzaile berriendako lehiaketaren seigarren edizioan saritua izan da. Sokono bilduma aurkeztu zuen. Merkataritza gunean maiatzaren 5ean egindako desfilean erakutsi zuen bilduma, eta epaimahaiak hamabi proposamenen artean Martirenaren bilduma hiru saridunetako bat izan zen.
Sokono “atseden hartzeko, egoteko eta sentitzeko” bilduma da. Kolore bakarreko bilduma da, arrosa argia, baina piezak hainbat ehunekin eta oihalekin eginda daude eta horrek berezitasuna ematen dio bildumari.
Hirugarren aldia da Martirenak La Moreako diseinatzaile berriendako lehiaketa irabazten duena: 2014ko, 2016ko eta aurtengo edizioak irabazi ditu. Duela hamar urte hasi zen modaren munduan patroigintza ikastaro bat egin zuenean. Ondoren, Miriam Ocariz diseinatzailearen tailerrean egin zituen praktikak eta jantzigintzan trebatzen jarraitu zuen.
Iruñeko Buztintxuri auzoan Atelier bat ireki zuen eta Diseinatzaile berriendako lehiaketa irabaztea Atelierrean egiten duen lana “erakusteko” aukera oso ona dela dio Martirenak: “Ilazki Martirena firma bezala gehiago ezagutzeko aukera ematen du”. Hortaz, bultzada handia ematen dio.
Erakuslehia
Diseinatzaile berriendako lehiaketaren saria On aldizkarian editorial bat egitea zen, eta aldizkaria Hego Euskal Herrian irakurtzen da; hortaz, jende askok irakurriko duela gaineratu du Martirenak. Gainera, parte hartutako bildumekin erakusketa egin zen merkataritza gunean eta “erakusleiho” oso ona dela dio diseinatzaileak.
Lehiaketa irabazteak ilusio handia egin dio Martirenari: “lehiaketetan parte hartzen dudanean ez dut pentsatzen irabazteko aukerarik daukadanik. Beti saiatzen naiz nire lan hoberena egiten eta esperientziaz asko disfrutatzea nahi dut”. Izan ere, egun osoa Atelierrean lanean egoten da eta egiten duen lana jendeak ikusteak “asko laguntzen dit indarra hartzeko eta aurrera jarraitzeko”.