Zabaleta, gaur lanera

Guaixe 2018ko abe. 13a, 11:23

Binakako 4. jardunaldian Etxarrengoak eta Irribarriak Artola eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari gaur Urretxuko Santa Luziako jaialdian

Ligaxkako 4. jardunaldia gaur hasiko da, ostegunean, Santa Luzia egunean, Urretxun. Irribarria eta Zabaleta Artolaren eta Mariezkurrena II.aren kontra ariko dira, 17:30ean hasiko den jaialdian. Material aukeraketa asteartean egin zuten. Zabaletak azaldu zuenez, ostiralean Ezkurdiaren eta Galarzaren kontrako partidan “gaizki” jokatu zuten. “Ez genuen ezer ere asmatu. Espero dezagun txapelketa guztiko partidarik okerrena Arbizukoa izatea eta hortik gora egitea” aipatu zuen Etxarrengo atzelariak. Urretxukoa “partida zaila” izango dela gaineratu zuen. “Artola eta Mariezkurrena primerako maila ematen ari dira eta gu gure maila ematera eta akats tontoak ekiditera atera beharko gara Urretxuko kantxara” nabarmendu zuen.

Aurkeztutako materialaren inguruan Zabaletak aipatu zuen eurek aukeratutakoak oso gustuko zituela baina arerioenak ez zitzaizkiola horrenbeste gustatu. “Uste dut arinegiak direla euren pilotak” adierazi zuen Etxarrengo atzelariak. Mariezkurrenak onartu zuen euren pilotak biziagoak zirela. “Akaso material gehiago atera dute, baina Urretxukoa oso frontoi noblea da. Guri material biziagoa komeni zaigu, eta, hortaz, kontentu gabe” esan zuen Berriozargoak.