Zabaleta: “Halako txapelketa luzeetan ez dago faboritorik”

Maider Betelu Ganboa 2019ko mar. 22a, 10:00

Jose Javier Zabaletak Binakako finalerako sailkatu izanagatik “pozik eta lasai” dagoela aitortu digu eta Victorren eta Albisuren kontrako larunbateko partida aurrekoak bezala prestatu dutela gaineratu du

Binakako finalerdietako 3. jardunaldia jokatuko da asteburuan, baina Jose Javier Zabaleta eta Iker Irribarria Binakako finalerako sailkatuta daude dagoeneko. “Pozik eta lasai” dagoela onartu du Etxarrengo atzelariak, baina Victorren eta Albisuren kontra larunbatean Labriten jokatuko duten partidarako “berdin-berdin” prestatzen ari direla gaineratu du. Finala Altuna-Martijaren edo Elezkano-Rezustaren kontra jokatzea “berdin zaiela” aipatu du, baina finalean bi arakildarrak egotea “polita” litzatekeela aitortu du.

Zorionak Jose, Irribarriarekin finalerako sailkatzeagatik. Alde batetik lasai?
Eskerrik asko. Orain lasai nago, finalera sailkatuta, lehenengo helburua lortuta dugu. Egia esan pozik eta lasai.

Aurkezpen egunetik Binakakoa irabazteko faboritoen artean zeundeten Irribarria eta zu.
Nik hori ez dut inoiz pentsatzen. Txapelketa horren luze batean edozer gauza gertatu daiteke, lesioren bat, zure une onenean ez egotea... Ez dut inor faborito ikusten txapelketa luze hauetan. Hasieratik hasi behar da ongi, finalerdietara sailkatzeko eta gero, finalerdietan, akats gutxi egin ditzakezu, bestela finalik gabe gelditzen zara.

Hortaz, Simeonek dioen bezala, partidaz-partida joan behar da.
Beno… (kar kar) nik ez dut Simeone gustuko, baina bai, hala izan behar da. Astero astero partida ongi prestatu, ahalik eta hobekien jokatzen saiatu... holako txapelketa luzeetan ez dago faboritorik.

Binakakoa erresistentzia handiko txapelketa da: hasierako ligaxkan 14 partida jokatzen dira, finalerdietara sailkatuz gero beste hiru partida eta finalera sailkatuz gero, azkena. Ligaxkan gertatutakoak gero ez du balio, finalerdietan zerotik hasten zaretelako berriz.
Sistema honekin denetarik ikusi da. Gogoan dut 2012an Olaizolak eta Beroizek hasierako ligaxkako partida guztiak, 14 partidak irabazi zituztela, gero finalerdietako lehen jardunaldia irabazi zutela, baina finalerdietako azken bi partidak galdu eta gero, finaletik kanpo geratu zirela. Hemen, lehenengo 14 partidatan ongi egon behar duzu sailkatzeko, baina finalerdietan huts egiteko tarte gutxi dago eta partida onak egiteko prest egon behar duzu.

Igandeko partidan ikusgarri aritu zineten, Elezkano eta Rezusta 12 tantotan utzi zenituzten. Partida lehiatuagoa espero zen, baina azpimarratzekoa da izugarri jo zenutela.
Nik partida bukaera arte zailagoa izatea espero nuen. Hasiera ona izan zuten Elezkanok eta Rezustak, baina gero pixkat partidatik atera zirela uste dut. Irribarria handi bat ikusi genuen, txapelketa honetako partida onena egin zuen, asko asmatu zuen eta horregatik ere emaitza hori.

Finalerako sailkatu zarete baina finalerdietako 3. jardunaldian, larunbatean, Labriten, Victor eta Albisu izango dituzue arerio. Txapelketari begira ez dago ezer jokoan, beraiek ez dutelako aukerarik; hortaz, lasaiago joango zarete partidara?
Gu astea berdin prestatzen ari gara, normal. Txapelketari begira igual ez dago ezer jokoan, baina gu beti irabaztera ateratzen gara kantxara, galdu egiten baduzu etxera burumakur eta gaizki zoazelako. Gu partida ona egitera aterako gara, irabaztera, finalerako konfiantzarekin joateko, lasaiago.

Zure ibilbideko une onenetariko batean zaudela iruditzen zaigu askori. Zuk horrela sentitzen duzu?
Gustura sentitzen naiz, fisiko aldetik, eskutatik... Frontoian jokoarekin ratxak izaten dira, igual aste batzuk konfiantza gehiagorekin zaude, hobeto jokatzen duzu, eta beste batzutan ez zaude hainbeste konfiantzarekin. Baina azkenaldi honetan nahiko konstante ari naiz izaten eta hori ona da. Lesioek ere errespetatu naute; txapelketa guztietan nahiko suerte izan dut, eskutik ongi ibili naiz eta ea horrela segitzen dugun.

Zuen arerioak Altuna-Martija edo Elezkano-Rezusta izango dira. Nor uste duzu sailkatuko dela finalerako?
Bientzat zaila izango da irabaztea. Oso parekatutako partida ikusten dut, irabazten duenak uste dut justu-justu irabaziko duela. Igual momentu honetan, aurreko asteburuan ikusitako partidaren ondoren, akaso pixkat faboritoago ikusten ditut Altuna eta Martija, baina edozer gauza gertatu daiteke eta uste dut partida polita ikusiko dugula igandean Donostian.

Norekin nahiago zenuke finala jokatzea, edo berdin zaizu?
Hori berdin zaigu. Azkenean tokatzen denaren kontra irabaztera aterako gara, berdin du noren kontra.

Sakandarrendako polita litzateke finalean bi sakandar egotea, zu eta Martija, baina Arakil aldean askok bihotza erdibituta izango lukete…
Seguro, baina polita litzateke; Etxeberri eta Etxarren oso hurbil daude eta Julen eta biok lagun handiak gara. Halako final garrantzitsu bat hemengo bi pilotarik jokatzea oso polita litzateke hemengo jendearendako.

Gainera, txapela Sakanan geratzea ziurtatuko genuke...
Bai, alde horretatik bai (kar kar), Arakilen geratuko zen txapela. Polita litzateke Julenen kontra halako partida bat jokatzea.

Finalista zaren aldetik hasi dira ingurukoak mugitzen eta sarrerak eskatzen?
Oraindik ez. Hiru aste gelditzen dira finalerako. Lehenengo ikusi beharko da noren kontra tokatzen zaigun final hori eta uste dut hurrengo astetik aurrera hasiko dela jendea gehiago mugitzen eta antolatzen. Sarrera kontuekin ama ibili izan da eta normalean berak banatzen ditu. Ezin dira denondako sarrerak lortu, baina nirekin beti egoten diren pertsonek, horiek bai sarrera izango dutela.

Dena ongi joan dadila. Zortea opa dizugu larunbaterako eta finalerako!
Milesker!