Zabaletak ezin izan zuen txapela Sakanara ekarri

Guaixe 2019ko api. 8a, 15:26

Tentsio handiko partida gogorrean, 22 eta 19 galdu zuten Irribarriak eta Zabaletak Elezkanoren eta Rezustaren kontra Binakako Pilota finalean. Akats asko egin zituzten txapeldunordeek

Bilboko Bizkaia frontoia goraino betea zegoela jokatu zen Binakako finala. Katedrak Irribarria eta Zabaleta jotzen zituen faborito. Txapelketan gehien jotzen zuen bikotea zen, alde handiarekin, eta finalerdietan garaipen sendoa lortu zuten Elezkanoren eta Rezustaren kontra. Hortaz, dirua ere euren alde atera zen, baina ez zen gidoia bete. Partida oso gogorrean, Elezkanok eta Rezustak Irribarriaren eta Zabaletaren jotze ikaragarriari aurre egiten jakin izan zuten, ongi eutsi zuten eta markagailuan aldea atera zuten hasieratik. Irribarriak eta Zabaletak bitan berdindu zuten, 10era eta 16ra, baina ez ziren markagailuan aurreratzeko kapazak izan, huts nabarmenak tarteko. Zabaletak partida ona egin zuen, baina Irribarriak ez zuen bere maila eman. Eta, azkenean, 22 eta 19 galdu zuten.

Tentsio handiko finala
Finala oso gogorra izan zen, tentsio handikoa. Elezkanok eta Rezustak hasieratik aldea hartu zuten eta, aldiz, deseroso antzera ibili ziren Zabaleta eta Irribarria, azken hau batez ere. Hala ere, 10era berdintzea lortu zuten, eta partidak kolore urdina hartuko zuela espero zuten Bizkaira gerturatu diren zale sakandarrek, arakildarrak gehienak. Baina berriro aldea atera zuten Elezkanok eta Rezustak, 16 eta 11, urdinen akatsengatik, bereziki. Tanto gehienak luzeak ziren, gogorrak, oso piloteatuak, eta Irribarriak eta Zabaletak dominatzen zituzten, baina gero ez zituzten ongi bukatzen. Nolanahi ere, erantzun bikaina eman zuten Irribarriak eta Zabaletak eta 16ra berdintzea lortu zuten. Hurrengo tantoan, aldiz, txapara joan zitzaien pilota eta ez zuten markagailuan aurreratzerik izan. Tarte horretan tantoak gorrienak izan ziren 19 eta 16 aurreratu ziren Elezkano eta Rezusta, baina hurrengo tantoa urdinen aldera erori zen, 19 eta 17.

Orduan, Elezkanok ezker paretara hurbildu zuen pilota eta urdinek ezin izan zuten erantzun. Horrela, 20. tantoa lortu zuten gorriek, eta hurrena ere eurena izan zen. 21 eta 17, gauzak oso zail jarri zitzaizkien Irribarriari eta Zabaletari, baina ez zuten amore eman. Finala ikusgarriago bihurtuz, hurrengo bi tanto ikusgarriak Irribarriak eta Zabaletak egin zituzten: 21 eta 19, mirarian sinisten hasiak ziren Sakanako zaleak. Baina, tamalez, Irribarriaren pilota txapapera joan zen eta 22 eta 19 irabazi zuten Elezkanok eta Rezustak, merezimendu osoz, eta txapelak Zaratamora eta Bergarara joan ziren. Rezustak bigarren txapela jantzi zuen, 2017an Irribarriarekin txapela lortu baitzuen, eta Elezkanok, aldiz, lehena. Hunkituta eta oso pozik zeuden biak, eta Diman ospatu zuten txapela, elkarrekin.

Zabaleta: “Ez dugu egunik onena izan”
Triste zegoen Zabaleta. “Beraiek hasieratik bukaerara arte partidan sartuta egon dira tanto guztietan. Guk ez dugu gure egunik onena izan, pilota dezente galdu ditugu bion artean eta uste dut horregatik galdu dugula” azaldu zuen Etxarrengo atzelariak. “Orain arte jokatutako finalak irabazita neuzkan eta lehenengo hau galduta, pena hartu dut” aitortu zuen Zabaletak. “Beti hobe jokatu nahi duzu. Joko honekin ondo sentitzen nintzen, baina ez da atera, ez ditugu tanto asko bukatu. Azkenean opari  dezente egin ditudala uste dut eta triste nago horregatik” gaineratu zuen Etxarrengoak. Eta “asko kostatu zaiela” azpimarratu du. “Hasieratik beraiek hasi dira irabazten, 4-5 tanto aurretik, errekuperatzen genuen pixka bat, beraiek gure opariengatik berriz 3-4 tanto jartzen ziren aurretik erraz eta gero guri kosta egiten zitzaigun errekuperatzea. Hala izan da partida bukaerara arte, eta penarekin” laburbildu zuen partida, ezin hobe, Etxarrengo atzelariak.

Ongi aritu zen Zabaleta; akatsak ere egin zituen, baina egun okerragoa izan zuen Irribarriak. “Ez dugu eguna eduki. Ni, batez ere aurreneko zatian, gaizki sartu naiz, ez nuen tantorik bukatzen, pilota ez zitzaidan sartzen. Beti atzetik, berdintzea lortu dugu baina opariekin segituan joan zaizkigu berriro. Eta horrela zaila da irabaztea” aipatu zuen Aramakoak. “Deseroso, zehaztasun falta… Dena. Ez dut pilota eskuan sartu. Haiek oso ondo kolokatuta zeuden eta apenas galtzen zuten tantorik. Nik ez dut nire maila eman. Jose oso ondo ibili da ematen nahiz eta bizpahiru pilota galdu, txokoa oso ondo kubritu du, zabala ere, eta nik hankak ezin mugitu. Sotamanoarekin min egiten nuen, baina errematean eta defentsan torpe ibili naiz. Perfektu jokatu behar da honelako bikote bati irabazteko, ez dugu egin, guztia eman dugu baina merezimendu guztiz irabazi dute” aitortu zuen Irribarriak.

Txapelketa bikaina
Tamalez txapela ez da Sakanara etorri, baina zorionak eman behar dizkiogu Zabaletari eta Irribarriari, Binakako txapelketa bikaina egin dutelako eta finalera iristeagatik, hori gutxien esku baitago. Bukaeran Etxarrenen bildu ziren zaleak, eta nahiz eta ospakizun borobil-borobila ez izan, ospatzeko asko izan zuten. 2013An Irujorekin eta 2018an Zabaletarekin Binakako txapela jantzi zuen Etxarrengoak, baina etorriko dira aukera gehiago.